Emakumeen ahalduntzea bultzatzea eta indarkeria matxista salatzea oinarri hartuta, 2023ko egutegia ondu dute Getariako Udalak eta Artzape Euskara Elkarteak. Hilabetetako lanaren ostean, herenegun egin zuten egutegiaren aurkezpen ekitaldia Berdura plazan. Egitasmoak jakin-mina sortu du herritarren artean; horren adierazle izan zen plaza jendez bete izana. Emaitza ikusi asmoz, egutegiko protagonistak ez ezik, getariar ugari bertaratu zen.

Musikaren bitartez, bandako kideek sarrera eta amaiera goxoa eman zioten ekitaldiari. Hasteko, Nahia Iturbe udal zinegotziak hartu zuen hitza eta proiektuaren hastapenak kontatu zituen. Azaldu zuenez, indarkeria matxistaren aurka egitasmoak antolatzeko, Espainiako Gobernuak emandako dirulaguntzetatik finantzatu da egutegiaren lanketa. Udala emaitzarekin oso gustura geratu dela adierazi zuen eta proiektuan parte hartutako herritar guztiei eskerrak eman zizkien.

Artzape Euskara Elkarteko kideek ere denei eskerrak emanez hasi zuten euren tartea. Adierazi zutenez, jatorri eta azal kolore ezberdinetako Getariako 70 emakume inguru lotu ditu egitasmoak. Hala, besteak beste, aniztasunean jarri dutela fokua azaldu zuten: “Aniztasuna jatorriarekin eta azal kolorerarekin lotzen dugu maiz. Lanketa sakonagoa egin nahi izan dugu, ordea, egutegi honetan, eta bilatu ditugu hain ohikoak ez diren edo urte luzez aitortza eskasa izan duten jardunetan dabiltzan emakumeak ere”.

Zentzu horretan, genero rolekin apurtzea ere izan dutela xede gaineratu zuten: “Generoa eraiki egiten da eta esan egiten zaigu zein ogibide izan behar dugun, zein musika tresna diren guretzat, non eta noiz egon gaitezken, zein jokabide izan behar ditugun, zein familia eredu eraiki behar dugun edo zertan igaro gure aisialdia. Hala, jaiotzez ditugun sexu-organoen arabera, genero bat izendatzen digute, horrek dakarren guztiarekin”. Argazkien bitartez, hori ere transmititzen saiatu direla aitortu zuten. 

Pertsonalki, oso esperientzia aberasgarria izan dela nabarmendu zuten, “aukera izan dugulako orain arte ezagutzen ez genituen pertsonekin hitz egiteko, baita beraien bizimoduaz eta jatorriaz zerbait gehiago jakiteko ere”. Proiektu horrek sare bat eraikitzeko balio izan duela esan zuten, “aurrerantzean, handitzen eta zabaltzen joatea nahiko genukeen sarea”.

Aho beteko aldarria

Egutegiaren azala eta kontrazala egiteaz Ane Azkue getariarra arduratu da. Larunbateko ekitaldian ezin izan zuen parte hartu, baina Artzapeko kideek irakurri zituzten hark prestatutako hitzak: “Kremailera da irudiaren bizkarrezurra eta ez da kasualitatea, herriko Cristobal Balenciaga modista eta jostun handiari eta herriari keinu egiten baitio”. Itxita agertzen den kremailera horrekin, ahoa irekitzeko gonbita iradoki nahi izan du Azkuek.

Azalean mezu argi bat agertzen da: Ez gara isilduko! Horren harira, “emakumea urte luzeegiz egon da erreprimituta eta ahotsa falta izan zaio sentimenduak adierazteko, beldurrak isildutako ahotsa”, irizten dio Azkuek eta “2023a emakumeon urtea” izango dela aldarrikatu du.   

Uxue Alberdi ere presente izan zuten, nahiz eta hura ere fisikoki plazan ez egon. Egutegiko argazki bakoitzak Alberdik sortutako mezu bat dauka alboan eta Artzapeko kideen hitzetan, “oraindik harrituta gogoratzen dugu zein minutu gutxitan adierazi zuen hitzez guk irudiz esan nahi genuena”. Alberdiren mezuekin pasarte bat osatu zuten Artzapeko kideek eta bandako musikariei bide eman aurretik, horrelaxe amaitu zuten: “Bakarrik eta libre bizitzeko eskubidea dugu, beraz, aldarrika dezagun kalea, gaua eta tabernak gureak ere badirela. Eta bereziki, egon gaitezen garenaz harro, mundua mugitzen dugulako”.

Harreman sareak eraikiz

Arratsaldean, berriz, munduko bost txokotako jakiak probatzeko aukera izan zuten plazara bertaratu ziren herritarrek; hain justu, Senegalgo, Txinako, Errumaniako, Irlandako eta Getariako jakiak izan ziren dastagai. Hala, dastaketarako ez ezik, jatorri desberdinetako herritarrak ezagutu eta haiekin harremantzeko aukera izan zen azoka.

Giro ederra sortu zen plazan eta dastaketa amaitu ondoren ere, festak jarraipena izan zuen; lehenik, Alarma Morea taldearen kontzertuarekin eta ondoren, Esther Sound Sister Djaren eskutik.

Aurkezpeneko argazkiak: Getariako Udala