Kiroldegian eguzki plakak ezartzea, Aldamar parkea estali eta komun publikoak ezartzea, gazteriaren aldeko politika publikoak edota merkataritza biziberritzeko plana burutzea proposatu ditu, besteak beste, Getariako EAJ-PNVk datorren urteko aurrekontuetarako.

Guztira 199.000 euroko diru poltsa osatzen duten proiektuak hartzen ditu barne EAJ-PNVren proposamenak, herritarren ongizatea eta Getariaren garapen ekonomiko, sozial eta jasangarria bultzatzea helburu. Proiektu guztiak 2019-23 legealdirako Getariako EAJ-PNVk aurkeztutako hauteskunde programan barneratutako ekimenak dira.

Getariako EAJ-PNVko udal taldeko kideek nabarmendu dute “Covid-19aren pandemiak sortutako krisia gainditu gabe, prezioen gorakadak eragindako egoera estuari erantzun behar diogu. Baina horrekin batera, herri hobe bat egiten jarraitu behar dugu. Getariarrak babestu eta euren ongizatea bermatu, eta aldi berean, gure herria jasangarriagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa egin behar dugu”.

Jeltzaleek, EH Bilduren Udal Gobernuari proiektuaren xehetasunak eta euren finantzazio proposamena helarazi dizkiete. Inbertsio proposamenak puntuz-puntu:

  1. Aldamar parkea estaltzeko aurreproiektua idazteko, 10.000 euro.
  2. Aldamar parkean komun publikoak ezartzeko, 40.000 euro.
  3. Pisu eta apartamentu turistikoen azterketa eta erregulazioa burutzeko, 10.000€.
  4. Balentziaga kaleko egokitzapen lanak egiteko, 8.000 euro.
  5. Kiroldegi kanpoko instalazioen berrikuntza bultzatzeko, 10.000 euro.
  6. Magallanes kalean motoen aparkalekua sortzeko, 1.000 euro.
  7. Udal langileen errelebo plana egiteko, 10.000 euro.
  8. Udal eraikinaren irisgarritasuna bermatzeko, 10.000 euro.
  9. Gazteriaren aldeko politika publikoak bultzatzeko, 5.000 euro.
  10. Kiroldegian eguzki plakak ezartzeko, 60.000 euro.
  11. Askizuko aterpetxearen irisgarritasun azterketa burutzeko, 5.000 euro.
  12. Bista ona – hondartza igogailua proiektua lantzeko, 10.000 euro.
  13. Autobus geltokia eta parke azpiko lokalak egokitzeko, 10.000 euro.
  14. Herriko merkataritza biziberritzeko plana egiteko, 10.000 euro.