Elikagaien xahuketa murrizteko Urola Kostako Udal Elkarteak duela aste batzuk martxan jarritako kanpaina Getariara helduko da ostegunean, abenduaren 1ean. Elkartearen esanetan nekazaritzako, abeltzaintzako edota arrantzako janariaren katean baztertutakoak dira elikagai xahutuak.

Azken urteotan lan handia egin dugu hondakinen alorrean, ondo sailkatuz eta birziklapen datu onak lortuz eta mantenduz. Orain, ordea, urrats bat gehiago emateko garaia da. Orain, guzti horren aurre-lanketa egin behar dugu, elikagai horiek zaborretan amaitu ez dezaten soberakinak sortzea saihestuz”, adierazi zuen Lourdes Salsamendi UKUEko presidenteak kanpainaren aurkezpenean.

Herritarrentzako tailerra

Kanpaina honetarako eskualdean egindako elikagai xahuketaren diagnosia hartu dute oinarri. Handik ateratako ondorioetatik hainbat jarduera egiten ari dira, besteak beste, herritarrentzako sukaldaritza tailerrak. Getarian ostegunean egingo dute, 17:00etan, Arrantzale Zaharren Elkartean.

Janari xahuketa zer den, zein arazo dagoen eta eguneroko erabakiek xahuketa murrizten nola lagundu dezaketen azalduko zaie parte-hartzaileei. Gero, etxeko barazki soberakinekin, errezeta bat egingo dute eta amaieran, beraiek probatuko dute. Horrez gain, parte-hartzaileek STOP janari xahuketa dioen amantala zein gida bat jasoko dituzte opari eta eskualdeko zenbait jatetxe eta tabernetan erabiltzeko 100 euroko hiru txartelen zozketan sartuko dira.

Beste jarduerak

Tailerrez gain, janari xahuketaz kontzientziatzeko, Urola Kostan hondakin gehien sortzen dituzten 15 supermerkatu bisitatu ditu udal elkarteak, xahututako elikagaien kopurua eta soberakinak nora bideratzen dituzten jakiteko. Aurrera begira, sobratutako elikagaiak dohaintzan emateko zirkuitu bat martxan jartzea da horren helburua.

Bestalde, kanpaina honetan parte hartzen duten eskualdeko taberna eta jatetxeetan bezeroek soberakinak etxera eramateko ontziak banatuko dituzte. Honetan ere dohaintza zirkuitu bat sortu nahi da eta bihar, azaroaren 30ean, negozio jabeekin mahai-inguru bat egingo da xahuketaren inguruko azalpenak eman eta murrizteko gakoak partekatzeko.