Etorkizunera begira pertsonen mendekotasun-tasak gora egitea aurreikusten denez, Urola Kostako Udal Elkarteak zaintza bermatzera bideratutako Zaindu Urola Kosta prestakuntza ekimena jarri du martxan. Hain zuzen ere, zaintza alorrean lan egin nahi duten eskualdeko bizilagunei zuzendutako egitasmoa da, gaitasun teknikoak eta zeharkakoak eskaintzea helburu duena.

Plangintzaren arabera, 2022-2024 artean emango da ikastaroa eta Lanbideren Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte eta osasun arreta (2. maila) profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko aukera emango du.

Hilabete honetan bertan hasiko da prestakuntza eta 370 orduko alderdi teoriko-praktikoa eta 80 orduko praktikaldia izango ditu. Gainera, saioetarako hiru modalitate proposatu dituzte: nahieran (ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko ordutegian), aurrez aurre (astelehenetik ostiralera, 15:30etik 19:00etara) edo online.

Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, abenduaren 14ra arte egin daiteke. Oteitza Lizeo Politeknikoko idazkaritzara deitu behar da, 943 111 000 telefono zenbakira.