Koronabirusaren pandemia tarteko, bi urteko etenaren ostean, XVII. San Silbestre Lasterketa egingo da aurtengoan. Hartaz, urteko azken eguna ariketa fisikoa eginez hasteko aukera izango dute getariarrek.

Lehiakortasuna alde batera utzi eta horrela herritarren parte hartzea sustatzeko helburuarekin, duela hiru urteko edizioan Getariako Udalak planteamendu berri bat proposatu zuen. Aurten, 2019ko formatu hari eutsiko diote eta bi lasterketa mota egingo dira: batetik, edonork parte hartu dezaken lasterketa irekia eta bestetik, helduen ohiko proba (16 urtetik gora). Udaletik, haur, gazte nahiz heldu mozorratu eta korrika egitera gonbidatu dituzte.

Lasterketako sailkapenak ez du garrantzirik izango eta ez dira lortutako postuaren araberako sariak emango. Horren ordez, lasterketa amaitzean, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dituzte. Ondoren, mokadutxo bat jateko aukera ere izango da.

12:00etan hasita, lehenik lasterketa irekia eta ondoren, helduen ohiko proba egingo dituzte. Izen-ematea egunean bertan plazan egin beharko da, 11:00ak eta 11:45 artean.