Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak (EUEMF) antolatuta, EKFB eta Euskal Selekzioaren babesarekin, Basque Country Cup lasterketaren lehenengo edizioa Getarian egingo da. Ur motoekin egingo den nazioarteko proba bat da eta partehartzaileek Offshore eta Endurance modalitateko etapak egin beharko dituzte.

Antolakuntzatik hedabide honi azaldu diotenez, muturreko egoerek baldintzatutako modalitate horietan, pilotuaren erresistentzia eta indarra giltzarriak dira. Itsaso zabalean, baina kostatik gertu, hiru egunetan zehar egingo da lasterketa: datorren martxoaren 24tik 26ra. Sei etapatan zehar, Hondarribia eta Bermeo arteko kostaldea zeharkatuko ditu probak. Etapa bakoitzean, bataz beste, 70 kilometroko ibilbidea egingo dute pilotuek, gelditu gabe.

Ostiral goizean hasi eta igande arratsaldean amaituko dute proba. Egingo dituzten sei etapetatik lau Offshore modalitateko distantzia luzekoak izango dira eta bi Endurance modalitatekoak eta apur bat laburragoak. Etapa guztiak Getarian hasi eta Getarian amaituko dira, bigarren jardunaldiko lehenengo etapa izan ezik. Izan ere, hura Lekeition bukatuko da. Laster zabalduko dute proban izena emateko epea.

Argazkia: UEUMF