Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean lehiatutako zortzi bertsolaritatik sei San Antonetako bertso saioan izan ziren atzo, Cristobal Balenciaga Museoan. Ane Ezenarro gai-jartzaile zutela, Getariari estu lotutako zenbait gairen inguruan kantatu zuten Beñat Gaztelumendik, Nerea Ibarzabalek, Alaia Martinek, Amets Arzallusek, Sustrai Colinak eta Aitor Mendiluzek 350 ikus-entzuleren aurrean.

Agurrean Balenciagaren joskintza aipatu zen modura, bertso saioan zehar San Antonak eta txakolina ere izan zituzten hizpide. Hala, Xebastian Lizasoren eta Andoni Egañaren azaletik, San Anton egunez, udaletxeko balkoian bailiran aritu ziren kantuan Mendiluze eta Arzallus.

Horrez gain, herrian zer bisitatu aholkatu zien Gaztelumendik gainerako bertsolariei. Tabernetako prezioez abestu zuten Ibarzabalek eta Gaztelumendik: bata haien prezioak igotzearen aldekoa zen; bestea, berriz, haiek mantenduta, jaki kopurua murriztearen aldekoa. Egun bizi dugun errealitatearen isla izan zen Mendiluze aitonaren eta Colina bilobaren arteko elkarrizketa ere. Garai bateko eta gaurko Getaria konparatu zituzten, tabernak noiz ixten diren eta turistei edo herritarrei zuzenduta dauden zalantzan jarriz. Bilobaren kexen aurrean, besteek egin zain ez egoteko esan zion aitonak.

Gai serioekin jarraituta, besteak beste, elkarteen ondorengontzan dagoen arazoan sakondu zuten Martinek eta Colinak. Gure Txeruk duela egun gutxi kaleratutako gutuna aitzakia hartuta, bertako kide gisa aritu zen Colina eta haiekin bat egiteko konbentzitu nahi izan zuen Martin.

 

 

Umoretik ere izan zuen atzoko saioak eta Alaiak diseinatzaile lanak egin zizkien kideei. Hala, amaginarreba konkistatu nahi zuen Ibarzabali lepo altua eta irribarrea janzteko aholkatu zion, uda kanpin nudistan pasatzera zihoan Colinari, belarritakoak eta bere hileta egunerako, bizitza festa izan zela irudikatzeko, lentejuelazko soinekoa Mendiluzeri.

 

Lotutako albisteak: