Urola Kostako Udal Elkarteak, Begi Bistan ekoturismo enpresarekin batera, Elkanoren Talaia: itsas-zeharkaldiak egitasmoa aurkeztu du Fiturren. Proiektuak Elkanoren ondarea ezagutaraztea eta Urola Kostako itsas ondarea sustatzea ditu helburu. Ekimena bi urtez jarraian gauzatu da, uztailean eta abuztuan, eta Udal Elkartearen arabera, “bertakoen zein bisitarien aldetik, harrera ezin hobea jaso du”.

Egitasmoak Elkanoren irudia eta itsas ondarea ardatz hartuta, Urola Kostako ingurunea, kultura, historia eta natura balioan jartzen ditu. Aldi berean, eskualdeko hainbat udalerri bisitatzea sustatu nahi da; beti ere, itsas-zeharkaldiko itsasontzia edota garraio publikoa erabiliz. Ibilaldi gidatuak Zumaiatik abiatzen dira eta Getarian nahiz Orion geldialdiak egiten ditu. Itsas-zeharkaldi bakoitzean eskualdeko bost herriak itsasontziz zeharkatzen dira. Ibilbideak 45 minutu irauten ditu eta ibilbide zirkular osoa edo etapa bat edo gehiago egiteko aukera dago.

Lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako proiektua da. Izan ere, lehen Mundubiraren 500. urteurrenaren harira, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko bost udaletako turismo-zerbitzuekin eta Begi Bistan enpresarekin batera garatu du proiektua.

Udal Elkarteak Biosphere zigilua lortzeko lanketari ekin dio

Urola Kostako Udal Elkarteak, Biosphere zigiluaren bitartez, turismo jasangarriaren estrategiarako konpromiso-gutuna sinatu du. Zigilu hori eskualdearen jasangarritasun maila adierazten duen ziurtagiria da. Biosphere Certified Destination iraunkortasuna neurtzeko sistema bat da eta helburu du etengabeko hobekuntzarako tresna izatea.

Lourdes Salsamendi lehendakariak Fitur Nazioarteko Turismo Azokan azaldu duenez, “itsasoari eta mendiari lotutako konposizio horretan, eskualdeko bost udalerrietako bakoitzak bere izaera, nortasuna eta bereizgarriak ditu, baina guztiak daude baliabide naturalen bitartez elkar-lotuak. Horregatik guztiagatik, turismoaren garapena modu jasangarrian ulertzen dugu, hiru eremuetan: gizarte edo eremu sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan. Apustu hori, gainera, bost udalerriek egiten dute eta horregatik, elkarrekin lan egin dugu, norabide eta helburu berdinarekin: jasangarritasunean oinarritutako turismo estrategia duen eskualde bat eraikitzea”.

Udal Elkarteko lehendakariaren hitzetan, Biosphere komunitatearen kide izatea estrategikoa da Urola Kostarentzat: “Orainaz arduratzen gara, baina etorkizunarekiko konpromiso sendoa dugu. Helmuga turistiko iraunkorra izateko edo izaten jarraitzeko, gure helburu jasangarriak lortzeko bidea jorratzen jarraituko dugu, GJHen (Garapen Iraunkorreko Helburuak) eta euskararen ikuspegitik; munduari herrialde paregabea, magikoa eta, batez ere, jasangarria eskaintzeko helburuarekin”.