Energia ia eguneroko hizketagaia bilakatu da azken hilabeteetan eta joan den maiatzaz geroztik, hainbat getariar ari dira horren inguruko hausnarketa egiten. Hortik sortu da Itsasargi Getariako energia komunitatea eta bihar, urtarrilak 28, aurkeztuko dute jendaurrean, 12:30ean, Berdura plazan.

Komunitatearen helburua, besteak beste, energiaren inguruan sentsibilizatzea eta ahalduntzea da. Orain arte 15-20 pertsona inguruko taldea aritu da lanean, baina bihartik aurrera jende, erakunde eta elkarte gehiago batzea nahiko lukete. “Gero eta talde anitzagoa, Getariak dituen beharrak gehiago ezagutuko ditugu”, argudiatu dute komunitateko kideek.

Izan ere, norbanako gisa eman daitezkeen urratsez harago, herrian egon litezken energia beharrez hitz egiteko edo horren sorrerarako eman daitezkeen pausoez aritzeko eremu gisa eratu dute komunitatea. Bertako kideek adierazi bezala, “talde bezala hausnartu nahi dugu Getarian edo gure eremuan ze energia behar den, zenbat kontsumitu behar dugun edo zenbat ari garen alferrik gastatzen. Eta horren arabera, neurriak hartu”.