Urola Kostako Udal Elkarteak onartu ditu 2019-2023 legealdiko azken aurrekontuak. 14.625.448,57 euroko aurrekontua da eta EAJ, PSE-EE eta Podemos Equo Berdearen aldeko bozkarekin eta EH Bilduren abstenzioarekin onartu dituzte. Salsamendi lehendakariak eskerrak eman dizkie alderdi politiko guztiei: “Legegintzaldia adostasunez ixtea lortu dugu. Eskerrak EH Bilduko ordezkariei aurrekontu hauek aurrera ateratzeko izan duten jarreragatik eta eskerrak PSE-EEko Gloria Vazquez ordezkariari eta Podemos Equo Berde alderdiko Ohiane Delgadori ere, mankomunitateko zuzendaritza batzordean egon ez arren, aurrekontu hauek lortzeko egindako lankidetzagatik eta ekarpenagatik”.

Lehendakariak azaldu duenez, “Urola Kostako herritarrak babestu eta eskualdearen garapen integrala dute helburu. Ausartak dira, baina ziurgabetasun handiko une bati erantzuteko landu ditugu, zuhurtzia osoz. Pandemia, Errusiak bultzatutako Ukrainaren inbasioa, inflazioa… eskualde eran zuzenki eragiten digute maila orotan, eta aurrekontu honek egoera horien aurrean babesteko neurriak jasotzen ditu”.

Gehikuntza, bereziki, diru-sarreren eta inbertsioen ataletan egon da. Gastuek ere gora egingo dute, batez ere pertsonal gastuei, hornidura gastuei eta zerbitzuen nahiz kontratuen kostuei dagokienean. Salsamendiren hitzetan ziklo bat borobiltzen duten aurrekontuak dira. Horrez gain, gaineratu du asko direla garatzen ari diren proiektuak “baina guztietan zerbait azpimarratu behar bada, guztiei batzen dizkiegun printzipioak dira: jasangarritasuna, berdintasuna eta inklusioa”.

Garapen ekonomikoa eta enplegua

Enplegagarritasun- nahiz prospekzio-zerbitzuetatik eta enpresentzako zuzeneko arretatik, eskualdeari indarra eta egonkortasuna eman asmo duen sarea sortu du Udal Elkarteak. Hala, talentua erakartzea eta ekintzailetza sustatzea helburu hartuta, bailarako sektoreei kontratazioetan eta inbertsioen arloan izan ditzaketen beharretan laguntzeko bideak zabaldu ditu.

Horrez gain, Itsas Kirol Poloaren estrategiaren lehen fasea amaitu berri dute. Zentzu horretan, Urola Kostaren garapen jasangarriaren motor eta ikur izateko, ekonomia urdinaren sustapena “estrategikoa” dela azaldu dute: “Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko dira, ekintzailetzara eta lehiakortasun ekonomikora bideratutako jarduerak eraginkortasunez ustiatzeko”. Eskualdeari balioa erantsiko dioten jarduerak garatzearekin batera, ingurune naturalen oreka mantentzea eta babestea funtsezkoa dela iristen diote.

Turismoa

2022an, pandemia ostean, Eskualdeko Turismo Mahaia aktibatu zuten. Eskualdeko mahai teknikoaren eskariarekin bat eginez, Biosphere zigilua lantzen hasiko da UKUE. Hain justu, Fitur Turismo Ferian sinatu zuten atxikimendua. Zigilu horrek, batez ere, eskualde ezberdinen jasangarritasunaren ikuspegitik kalitatea balioesten du. Gainera, eskualde mailan, zigilu horretan beste balio bat gehituko dute; hain zuzen, euskara. Hala, sektorea sustatzeko eta kalitatezko turismoa erakartzeko lerro ezberdinak jarriko ditu Udal Elkarteak abian.

Coworking espazioa

Mankomunitateko Coworking gunearen eta Open Lab gunearen sorrera 2023an zehar gauzatuko da. Coworking espazioan, eskualdeko ekintzaileak beren proiektuak sortzen hasi ahal izango dira, betiere UKUEren zerbitzu teknikoen eta dinamizazio-enpresaren laguntzarekin. “Emakume ekintzaileengan begirada berezia jarri nahi dugu espazio horretan, eta bide batez, proiektu honetan alderdi sozialistako Gloria Vazquez zinegotziaren laguntza eskertu nahi dut, urtean zehar egin dituen ekarpenengatik eta partekatu dugun lankidetzagatik” dio Salsamendi lehendakariak. Open Lab gune ikertzaile berria, berriz, enpresentzat eta, oro har, herritarrentzat ez ezik, eskualdeko ikastetxeentzat ere zabalik egongo da.

Hondakinak

Aurten, hondakin bilketa optimizatzen jarraitzea du helburu UKUEk. Kontratuaren lizitazio berria jarriko du abian 2023 hasieran, ahalik eta zerbitzurik onena emateko eta birziklapen datuetan gora egiteko. “Adibidez, une honetan, elikagaiak alferrik galtzeko kanpainan ari gara lanean. Horrelako programak oso garrantzitsuak dira guztiz zuzenak ez diren eguneroko erabilerak aldatzeko” azaldu du lehendakariak. Edukiontzien irisgarritasunerako aukerak aztertzea izango da hurrengo pausoa, “denon irisgarritasuna bermatu ahal izateko”.

Energia Bulegoa

Udal Elkarteak “oso kontuan izan du legealdi osoan trantsizio energetikoa”. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Gipuzkoako Mahai Energetikoan parte hartzeko hitzarmena sinatu zuen. Elkarlan horren emaitzetako bat Energia Bulegoa izango da. 2023an jarriko da abian herritarrei energia-zalantzak argitzeko, besteak beste, fakturak ulertzen laguntzeko, energia aurrezteko, kontratazioak egiteko, efizientzia-neurriak hartzeko eta energia berriztagarrien aukeren inguruko zein dirulaguntzei buruzko laguntza emateko. Era berean, aholkularitza pertsonalizatua eta prestakuntza-saioak emango dituzte herritarrak ahalduntzeko. Gainera, eskualdeko udalerriek energia berriztagarriei, etxebizitzen birgaitze energetikoari eta energiari buruz dituzten datuei buruzko informazioa jaso ahal izango dute.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea

Lotutako albisteak: