Gorabehera handiegirik gabeko osoko bilkura izan zen atzokoa. Bi gai mahai gaineratu zituzten eta biak aho batez onartu zituzten, EH Bilduko eta EAJko zinegotzien aldeko bozkarekin.

Alde batetik, euskararen aurkako eraso judizialen aurrean EH Bilduk aurkeztutako mozioa bozkatu zuten. Ibon Gereka EH Bilduren bozeramaileak eman zituen mozioaren inguruko xehetasunak. Hala, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak azkenaldian hartu dituen eta hartzen ari den epaiak euskaren aurkakoak direla salatu zuen Gerekak. Izan ere, mozioan adierazten den modura, “2023. urtea hasi berritan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen aurkako epai bat eman du berriz. Zehazki, CCOOen eskariz, Barakaldoko Udalaren erabaki bat baliogabetu dute eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka agertu dira epaileak”. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emaniko itxura horretako lehen epaia ez dela gogorarazi du Gerekak, “aurrez ere, euskara sustatzeko udal administrazioen ekimenak baliogabetu izan dituzte epaitegiek”.

Testuinguru horretan, Getariako Udalak ondoko hiru erabakiak hartzea proposatu zuen EH Bilduren bozeramaileak: “Alde batetik, gogor salatzen dugu epaitegiek abiatu duten hizkuntza-politikaren judizializazioa eta euskararen aurka ematen ari diren epaiak, azkena EAEko Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka emandakoa; bestalde, Euskal Herriko administrazioei –udala barne–, epaitegiei, eragile politikoei, sindikalei eta sozialei herritarren hizkuntz eskubideak bermatu ditzatela eta euskararen sustapenaren alde egin dezatela eskatzen diegu; azkenik, Getariako Udalak, legedia betez, udal zerbitzuetan herritarrei lehen hitza euskaraz egitea eta zerbitzu publiko guztiak euskaraz ematea bermatuko du”.

Proposamena aho batez onartu zuten. Aitor Urresti EAJko bozeramaileak gaia “oso larria” dela ohartarazi zuen eta gaineratu, “euskal alderdi guztiek honen aldeko hautua egin behar dugu”. Espainiar Estatuarengandik gero eta errepresio handiagoa jasaten ari garela salatu zuen: “Instituzioetan, errepresioa argi eta garbia da, batez ere, epaitegiak hartu duten edo hartzen ari diren azkenengo erabakien bitartez. Gure identitatearen eta hizkuntzaren aurka daude eta hori leku guztietan salatu behar da. Azkenerako, gure subiranotasunaren eta herritarren eskubideen kontra dago”.

UKUEko Estatutu aldaketa proposamena

Bestalde, Urola Kostako Udal Elkarteko Estatutuko artikulu bat aldatzearen proposamena bozkatu zuten. Hain justu, 18. artikulua. Artikulu hori aldatuta, Udal Elkarteko idazkaritza kontuhartzailetzako plaza sortuko da. Honakoa da artikuluak gaur-gauzkoz zehazten duena: “Idazkari eta kontuhartzaile-diruzain gisa jardungo du Udal Elkartea osatzen duten udal batekoa den eta estatu-gaikuntza duen funtzionario batek, kargu horrek dakartzan eginkizunekin. Kargu hori ezin bada bete aurreko paragrafoan aurreikusitako eran, funtzio publikoko araubideak ezartzen dituen beste aukerak erabiliko dira”. Proposatutako aldaketa eginda, berriz, honela geratuko litzateke: “Udal Elkarteko idazkari eta kontu-hartzaile eginkizunak gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioek beteko dituzte, aplikagarria den legeriak ezarritakoari jarraikiz”.

2022ko maiatzaren 18an egindako ohiko osoko bilkuran, Udal Elkarteko Estatutuak aldatzeko hasierako onarpena eman zuen UKUEko Batzar Nagusiak. Erabaki hori, ordea, Udal Elkartea osatzen duten udaletara bidali behar da, udalbatzek berresteko. Horrexegatik bozkatu zuten proposamena atzokoan.