Cebanc elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan eta Etengabeko Ikaskuntza egitasmoaren baitan, Getarian antolatu dituen bi ikastaroren berri eman du: “Dietak eta sukaldaritza osasungarria” eta “Telefono mugikorren erabilera optimizatzea”. 55 urtetik gorako pertsonei, jubilatuei nahiz pentsiodunei zuzendutako doako ikastaroak dira eta Itsas-Etxe elkartean emango dituzte saioak.

Dietei eta sukaldaritza osasuntsuari dagokion ikastaroa otsailaren 21ean hasi eta martxoaren 16an amaituko da. 20 orduko ikastaroa da eta saioak astearte eta ostegunetan izango dira, 17:00etatik 19:30era. Izen-ematea udaletxean egin behar da. Atzo zabaldu zen horretarako epea eta otsailaren 10a arte izango da horretarako aukera.

Telefono mugikorren erabilera hobetzera zuzendutako ikastaroa, berriz, apirilaren 24tik maiatzaren 22ra izango da. Hori ere 20 orduko ikastaroa da eta saioak astelehen eta asteazkenetan izango dira, 17:00etatik 19:30era. Ikastaro horretan izena emateko epea ere zabalik dago.