Enpresetan alor digitalak gero eta pisu handiagoa duela-eta, Urola Kostako Udal Elkarteak “ETE digitala Urola Kostan” egitasmoa jarri du martxan. Ekimenaren helburua da eskualdeko enpresa ertainei zein txikiei beren Industria 4.0 ibilbidea eraikitzen laguntzea eta digitalizazioaren alorrean urrats berriak eman ditzaten eragitea.

Bide horretan lehen pausoak eman asmoz, otsailean zehar lau jardunaldi egingo dituzte. “Online” izango dira eta datuen kudeaketa zein balorizazioa izango dituzte hizpide. Saioak otsailaren 6 eta 16 bitartean egingo dira, 9:30etik 10:30era. Ondokoa da prestatu duten egitaraua:

  • Otsailak 6: Nola automatizatu zuen enpresako salmenta prozesuak datuen kudeaketa on bat eginez.
  • Otsailak 9: Nola kudeatu zuen enpresako datu guztiak era arin eta automatizatu batean eta nola sortu kontrol panel automatizatuak.
  • Otsailak 14: Negozio digitala eta datuetan oinarritutako marketina.
  • Otsailak 16: Nola egin aurreikuspenak adimen artifizialarekin, ETEetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen bat tarteko, jardunaldiok %100ean daude finantzatuta. Interesdunek saio batean edo gehiagotan eman dezakete izena eta horretarako, ondorengo galdetegia bete beharko dute.