Gure Txeru Elkarteak urteak daramatza herriko futbito txapelketa antolatzen. Aurten, XI. Floren Memoriala Futbito Txapelketa egingo dute eta ohar bidez aurreratu dutenez, emakumeak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte. “Orain arte, beti, gizonezkoek bakarrik parte hartu izan dute txapelketa horretan. Aurten, ordea, genero berdintasunaren ikuspegitik urrats bat aurrera eman nahi dugu”, argudiatu du Gure Txeru Elkarteak.

Gizartea eta garaiak aldatuz doazen heinean, “ezinbestekotzat” jo dute “egokitzapenak” egitea. Horregatik, “genero rolekin hautsi eta emakumeak ere futbito txapelketan lehiatzen ikusi nahiko genituzte, emakumeen taldeak, talde mixtoak… sortuz”. Hala, herritar oro gonbidatu dute datorren ostiralean, otsailaren 10ean, Gure Txerun egingo den bilera irekian parte hartzera eta txapelketan izena ematera.