Iritsi da irudimenari astindu bat eman eta hitzetara ekartzeko garaia. Izan ere, dagoeneko martxan da Getariako 22. Literatura lehiaketa. Aurreko urteetan bezala, getariarrek soilik har dezakete parte nahi adina lanekin.

Parte-hartzaileen lanak bi modalitatetan banatuko dira: ipuinak eta bertsoa edo olerkia. Gaia librea izango da eta, jatorriz, euskaraz idatzi beharko dira. Ezin da beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik erabili.

Adinaren arabera, honako kategoriak bereiziko dira: Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako haurrak, ikas-mailaka; 12-14 urteko gaztetxoak, 14-16 urteko gazteak; eta 16 urtetik gorakoak. Kategoriaren arabera, luzera jakin bateko lanak aurkeztu beharko dituzte, orrialde batekoak laburrenak eta 10 orrialdekoak luzeenak.

Sariak ere kategoriak oinarri hartuta banatuko dira. Txikienek, 16 urtera artekoek, sariak jasoko dituzte eta 16 urtetik gorakoek, berriz, 150 euro modalitate bakoitzeko.

Martxoaren 21erako

Literatura lehiaketaren egutegia ezarrita dago eta lanak martxoaren 21erako aurkeztu behar dira. Getariako udal bulegoetan edo udal liburutegian utzi daitezke.

Idazlana identifikazio daturik gabe aurkeztu behar da. Aparteko gutunazal batean zehaztuko dira egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. Kartazalaren kanpoko aldean idazlanaren izenburua idatzi behar da.

Getariako 22. Literatura Lehiaketako sari banaketa apirilaren 24an egingo da, 18:30ean.