Malagako Zinema Jaialdiaren 26. edizioa aurkeztu dute egunotan eta, besteak beste, proiektatuko diren filmak ezagutarazi dituzte. Orotara, 232 ikus-entzunezko emango dituzte, horietan artean Beñat Gereka getariarrak zuzendutako Itsasoak pizten gaitu dokumentala.

Gerekak “ilusioz” hartu du berria, “tarteka bizitzan betetzen diren ilusio horietako bat” dela adierazi dio ARTZAPEri. Proiektuaren hasieratik zuten buruan zein izan zitekeen lanaren ibilbidea eta horrelako zerbait lortzea helburuetako bat bazen ere, gutxien espero zutenean heldu omen da. “Gustura hartzen da”, dio. Gustura ez ezik, emozionatuta dago, “oso barnetik” egindako lana delako Itsasoak pizten gaitu.

Martxoaren 10etik 19ra ospatuko da Malagako Zinema Jaialdia eta Gerekak zuzendutako dokumentala hilaren 16an emango dute sukaldaritzari leku egiten dion sailean, Cinema Cocinan. Sail horretan beste 12 lan izango dira ikusgai, tartean, ordua eta aretoa elkarbanatuz, artzaintzaren inguruko Etxetxipia film laburra. Sail horretako lanak kategoriari dagokion Zilarrezko Biznaga saria irabazteko hautagaiak izango dira.

Cinema Cocinaren eskaintza film emanaldiez haratago doa, Gerekak azaldu duenez: “Sukaldaritzaren munduan dabiltzanez, dastaketak eta afariak egiten dituzte. Jaialdikoek esan zidaten Elkano jatetxeko Aitor –Arregi– gonbidatu zutela dastaketa egiteko; guretik Enrique –Fleischmann– gonbidatu dute”. Hortaz, programaren arabera, dokumentala emango dute lehenik, gaiaren inguruko mahai-ingurua egingo dute gero eta, afaria, amaitzeko. “Nahiko ekitaldi berezia izango da eta luxua da herriko ordezkaritza bat joatea hara”, laburbildu du getariarrak.

Las buenas compañias

Itsasoak pizten gaitu dokumentalak eta herriko sukaldariek ez ezik, Itziar Aizpuru aktorearen lanak ordezkatuko du Getaria Malagako Zinema Jaialdian. Izan ere, zinema aretoetan maiatzean estreinatzea aurreikusten den Las buenas compañias filma Sail Ofizialean lehiatuko da. Lan horretako protagonistetako bat da Aizpuru.

 

Lotutako albisteak: