Hastear da herrian hain errotuta dagoen Floren Memoriala Futbito Txapelketaren edizio berria. Aurtengoa 23.a izango du eta bederatzi talde ariko dira lehian gaurtik aurrera.

Iazkoarekin alderatuta, hiru taldek ez dute parte hartuko –Txoko, Balearri eta Xagu– eta bi berri sartuko dira –Dorrea eta Abeta Berri–. Xagukoak, txapelketa honetarako, Haitzekoekin batu dira taldea osatzeko. Bestalde, Dorreakoak izango dira ligako gazteenak, jokatzea ahalbidetzen dien 15 urte bete berri dituztenek osatu baitute.

Emakumeak txapelketan

Genero ikuspegiari lotuta egin nahi izan du Gure Txeruk aldaketa nagusia baina, oraingoz, ez da nesken talderik osatu. Hiru pertsonek eman dute izena eta Txeruk “positibotzat” hartu badu ere, beste ate batzuk jota ere ez dute lortu gehiago animatzerik. “Gutxienekoa lau dira eta taldea aurrera ondo ateratzeko 7-8 lagun behar dira”, azaldu dute ordezkariek. Dena den, “saiatuko gara hiru hauek han edo hemen kokatzen”, gaineratu dute.

Horren aurrean beste irtenbide batzuen bila dabiltza: “Taldeekin hitz egiten ari gara inor animatzen den mistoan aritzeko baina orain arte hitz egin dugunek ezetz esan digute. Bosgarren jardunaldira arte dago apuntatzeko aukera eta jarraituko dugu bultzatzen eta xaxatzen”.

Emakume gehiago animatuko balira eta taldea osatuko balute, sar liteke talde bat gehiago txapelketan baina zenbat eta aurrerago izan, konplexuagoa dela argitu dute, jokatu gabeko partidak egutegian txertatzea zailagoa bailitzateke.

Asteburuko partidak

Gure Txeruko ordezkariek iragarri dutenez, asteburu honetan lau partida jokatuko dira: bi gaur eta bana bihar, larunbata, eta etzi, igandea. Hauek dira norgehiagokak:

Otsailak 24, ostirala

  • 22:00etan, Itxas Etxe-Dorrea. Epailea, Iribar.
  • 23:00etan, Haitze-Iribar. Epailea, Itxas Etxe.

Otsailak 25, larunbata

  • 18:00etan, Izarri-Taxco. Epailea, Astillero.

Otsailak 26, igandea

  • 17:00etan, Astillero-Kaia/Kaipe. Epailea, Taxco.

Eguraldi txarra egingo balu, kiroldegira lekualdatuko lirateke partidak eta ordu berean jokatu, igandekoa salbu, hura 19:00etan izango bailitzateke euria eginez gero.

 

Lotutako albisteak: