Salto! Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatutako udalekuak dira; aurtengoa seigarren edizioa izango da. Zehazki, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako egitasmoa da eta helburu du “gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea”. Alegia, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea.

Ekainaren 26tik uztailaren 4ra egingo dira udalekuak eta parte-hartzaileek Orozkotik Dimarako bidea egingo dute oinez. Sustatzaileek aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau zabala prestatu dute, hala nola, ibilaldiak, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak, jolasak, solasaldiak edota hausnarketak.

Atzo zabaldu zen izena-emateko epea eta hilaren 31ra arte egongo da horretarako aukera. Izen-ematea egiteko bide ugari daude erabilgarri: ondoko galdetegia beteta, 943 816 699 telefono zenbakira deituta edota arnasguneak@uema.eus helbidera posta elektronikoa bidalita. 120 gaztek parte hartu ahal izango dute udalekuetan. Kopuru hori gaindituz gero, taldea osatzeko, lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko hurrenkera hartuko dituzte kontutan.

 

 

Argazkia: UEMA