Larunbatean eta igandean, La Molina eski-estazioan (Katalunia, Girona), Munduko Txapelketako lasterketa banatan lehiatu da Irati Idiakez snowboarder getariarra. Beste behin, zertarako gai den erakutsi du Idiakezek eta bi egunetan egindako lan bikainari esker, zilarrezko eta urrezko domina jantzi ditu.

Larunbateko lasterketan, zilarra eskuratu zuen getariarrak. SB-UL kategorian lehiatu zen, boardercross modalitatean. Ezin izan zion aurre hartu Monika Kotzian poloniarrari eta hura izan zen lasterketako garailea. Hirugarren postua, berriz, Darian Haynes estatubatuarrarentzat izan zen.

Atzo, berriz, Raquel Martinezekin batera, taldekako lasterketan parte hartu zuen getariarrak –boardercross modalitatean hura ere–. Bezperan egindakoa hobetu eta bikoteak urrezko domina eskuratu zuen. Monika Kotzian eta Natalia Siuba-Jarosz bikote poloniarra izan zen bigarren sailkatua. Getariarraren hitzetan, Martinezekin urrezko domina eskuratzeak “ilusio handia” egin dio. Era berean, lasterketan zehar “sentsazio oso onak” izan dituela gaineratu du.

Taldekako lasterketari dagokionez, ondokoa da funtzionamendua: talde bakoitza bi lasterkarirekin osatuta dago eta bietako lehenak helmuga zeharkatzen duenean, lortzen duen abantaila taldeko bigarren parte hartzaileari ematen diote. Hala, Martinez izan zen pistara irteten lehena eta poloniarraren atzetik, bigarren egitea lortu zuen. Ondoren, Idiakezen txanda izan zen eta getariarrak, gainerako aurkariei alde dezentea ateraz, lehenengo postuan helmugaratzea lortu zuen. Hala, eurek eskuratu zuten taldekako lasterketako garaipena.

Argazkia: CDIA