Maiatzeko udal-hauteskundeei begira, Getariako EH Bildu duela hilabete batzuk hasi zen lanean. Oinarriarekin egindako lanketaren ondoren (inkesta, aurrez aurreko bilerak…), herriko elkarte eta eragileekin entzute-ariketa bat abiatuko zuela adierazi zuen, eta oraintxe amaitu berri dute urte hasiera honetan egindako lanketa.

Otsailetik martxora bitartean, herriko 28 eragilerekin bildu dira EH Bilduko kideak, haien iritziak bertatik bertara ezagutzeko. Entzuketa-ariketaren abiapuntua duela 4 urte eragile eta elkarte horiek egindako eskaerak izan dira, haien betetze-maila aztertu dute lehenbizi. Hain zuzen ere, eskaera horien betetze-mailari buruzko balorazio ona egin dela adierazi dute, eskaeren %100 aztertu baita, eta udalaren esku zeuden ekimenen %95 bete baitira. Ildo horretan, hainbat eragile eskertuta agertu dira, haien eskaerak aintzat hartu izanagatik eta gauzak bideratzeko egindako ahaleginagatik.

Balorazio horretatik abiatuta, legealdi honetan udalarekin izan den harremanari buruz ere hitz egin da bilkura horietan, eta eragileek harremana gertukoa eta hurbila izan dela nabarmendu dute, batez ere. Izan zitezkeen hutsuneei edo hobetu beharrekoei buruz ere galdetu zaie elkarteetako ordezkariei, aurrera begira kontuan hartu eta erantzun egoki bat emateko.

Azkenik, dituzten beharren eta zalantzen inguruan hitz egin da eragileekin, hurrengo legealdian nola bideratu daitezkeen aztertzeko eta, egoki iritziz gero, programan txertatzeko. Izan ere, bilkura horietan entzun eta jasotakoak aintzat hartuko ditu EH Bilduk hurrengo 4 urteetako jarduna gidatuko duten irizpideak zehaztean. Eta, hain zuzen, datozen asteetan beraien jarduna horixe izango dela zehaztu dute.