Getariako Udalak bultzatuta, getariarrok heriotzarekin dugun harremana landuko du Manex Beristain Agirrek. Lau saio ireki eta doako antolatu dituzte. Saioak solteak dira, alegia, ez da beharrezkoa guztietara joatea eta ez da aurrez izena eman behar. Heriotzaz hitz egin dezagun izenburupean, eta haietako lehena martxoaren 30ean izango da, 19:00etatik 21:00etara, Alhondigan.

Helburua da parte-hartzaileek heriotzaz esateko dituztenak entzun eta “konfiantzazko espazio seguru batean elkarbanatzeko aukera” izatea. Antolatzaileek iragarri dutenez, “norbere heriotza barneratzeko tresnak landu, dolu prozesuaren inguruko dinamikak egin eta bakoitzaren kezkak, egonezinak eta ibilbide pertsonalerako baliabideak” garatuko dira. Horretarako, heriotza bizitzaren parte gisa hartuko dute.

Hilean saio bat egingo dute eta hurrengoak apirilaren 20an, maiatzaren 25ean eta ekainaren 15ean izango dira.