Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak (EUEMF) antolatuta, EKFB eta Euskal Selekzioaren babesarekin, Basque Country Cup lasterketaren lehenengo edizioa Getarian jokatuko da. Ostiralean hasi eta igandea bitartean, martxoaren 24tik 26ra, 40 kirolarik parte hartuko dute txapelketan. EUEMFko kide den Alba Bermejorekin hitz egin du ARTZAPEk eta aitortu dio azken orduko antolakuntza lanekin dabiltzala.

Txapelketa sei etapatan banatuta egongo da eta parte-hartzaileek egun bakoitzeko bi etapa egingo dituzte: “Bat goizean, 11:00etan hasita, eta bestea arratsaldez, 15:00etatik aurrera”, dio Bermejok. Etapa guztiak Getarian hasi eta Getarian amaituko dira. Lau etapa luzeak izango dira, “alegia, puntu urrun batera joan eta itzuli beharko dira”. Ostiral eta igande arratsaldeko etapak, berriz, gertuago, Getaria inguruan egingo dituzte. Azken bi horiek, “ikusteko oso politak” izango direla irizten dio Bermejok, “igande arratsaldekoa, gainera, berezia izango da, finala izango baita”.

Irteera guztiak Malkorbe hondartzatik egingo dituzte eta, benetan, ikusgarriak izango direla aitortu du Bermejok: “40 motoak ilaran jarriko dituzte. Itzalduta uzten dituzte ur-bazterrean, taldeko bi mekanikok edo laguntzailek helduta. Pilotuak hondarretan egoten dira eta txilibituak jotzean, korrika joaten dira. Salto bat eman, motora igo eta martxan jartzen dute. Oso polita eta zirraragarria izaten da”.

Eguraldiari dagokionez, aurreikuspenak ez dira onak. Izan ere, “euria eta haize dezente egitea espero da”. Pilotuei eguraldi hori gustatzen zaiela dio Bermejok, baina antolakuntzarentzat, besteak beste, segurtasuna bermatzeko eta publikoarentzat, eguraldi hori ez dela batere lagungarria gaineratu du. Txapelketako azpiegiturek ez dute aldaketa nabarmenik eragingo herrian; soilik, Malkorbe hondartza pareko errepidearen noranzko bat desbideratuko dute.

Nazioarteko partehartzaileak

40 taldek parte hartuko dute lasterketan. Horietako bakoitza pilotu batek eta talde tekniko batek osatzen du. Bermejoren hitzetan, “atzerritik etorriko diren talde pila bat ditugu. […] Parte-hartzaileen ia %90a Frantziatik, Belgikatik, Argentinatik eta Italiatik datozen taldeak dira”. Hala ere, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritakoak ere izango dira, hala nola, Debakoa, Abadiñokoa, Durangokoa edota Getxokoa.

Euskal Herrian, oraindik, errotu gabeko kirola dela nabarmendu du Bermejok: “Estatu mailan badaude txapelketak baina ez dago, esaterako, Frantzian egon daitekeen adina afizio. Frantzian, urte luzez, kirol honetatik bizi izan da jendea”.

Aurkezpen ekitaldia

Ostegun goizean hasiko dira taldeak Getariara gerturatzen eta “11:30etik hasita, egiaztapen administratiboak eta teknikoak egingo ditugu”. Ondoren, arratsaldean, 18:30 aldera, aurkezpen ekitaldia egingo dute. Finala, berriz, igande arratsaldean izango da. Hala, arratsaldeko etapa amaitutakoan, sari-banaketa egingo dute.

 

Lotutako albisteak: