19:30 pasatxo hasi da aurkezpen ekitaldia Berdura plazan. Kattalin Zubizarretak eta Manex Torrealdaik sarreratxo musikatu bat egin ostean, maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu dute. “Talde sendoa, langilea, dinamikoa, jantzia; hitz batean esanda, bikaina” osatu dutela adierazi dute. Hala, ondoko 15 getariarrek osatzen dute datorren hauteskundeetarako EH Bilduren zerrenda:

 

  1. Haritz Alberdi Arrillaga. 45 urte.
    Alkategaia; heziketa bereziko irakaslea; alaba baten aita; eta Getariako Karta Sozialaren sortzailea.
  2. Ane Loidi Leunda. 52 urte.
    Txokoaldetik Getariara duela urte dezente etorria; Ile-apaintzailea Usurbilgo Jubilatu Etxean; azken lau urtetan Berdintasun eta Gizarte Ongizateko zinegotzia; Getariako I. Berdintasun Planaren bultzatzailea; eta bi seme-alaben ama.
  3. Ekaitz Esteban Pertusa. 42 urte.
    San Prudentzio auzoan bizi da eta izatez, zarauztarra da; kirolzalea; triatleta eta gaur egun, udaleko Kirol zinegotzia; herriko Kirol Mahaiaren sustatzeilea; metaleko langilea; LABeko ordezkaria; eta bi alaben aita.
  4. Ainitze Gereka Goienetxe. 27 urte.
    Nafartar getariartua; ingenieritza biomedikoan graduatua eta egun, osasun arloko ikertzailea eta doktoregaia; eta Urritza Aisialdi Taldea 2.0-ko sustatzaileetako bat.
  5. Eneko Miralles Otamendi. 29 urte.
    Ekonomialaria eta zuzenbidean graduatua; teknikaria Donostiako kirol patronatuan; saxofoi-jotzailea Getariako Musika Bandan eta Elektrotxorongon; eta Urritza Aisialdi Taldea 2.0-ko sustatzaileetako bat, bertan begirale bezala eta zuzendaritzan aritua.
  6. Jaione Larrañaga Garrastazu. 42 urte.
    San Agustinekoa; ikasketaz administraria eta ofizioz, kooperatibista eta Zarauzko supermerkatu bateko urdaitegi eta harategi sekzioko arduraduna; Zanbuka Guraso Elkartean jarduna; aerobik zalea; eta bi semeren ama.
  7. Nahia Iturbe Zubizarreta. 45 urte.
    Bi semeren ama; ekonomiako irakaslea; eta gaur egun, Ogasun eta Hezkuntza batzordeko arduraduna Getariako udaletxean.
  8. Eñaut Silbeti Holgado. 26 urte.
    Irakaslea eta arraunlari ohia.
  9. Eneida Etxabe Alkorta. 34 urte.
    Irakaslea; arraunlari ohia; Getariako traineruan urte askoan jardun duena; bi alaben ama; eta egun, Zanbuka Guraso Elkarteko kidea.
  10. Inazio Ezenarro Andreano. 55 urte.
    Katxapo Txirrindulari Elkarteko lehendakaria; ofizioz ostalaritza arloko lanetan aritu izana; eta bi semeren aita.
  11. Libe Iribar Azkue. 44 urte.
    Finantza zuzendaria eta bi alaben ama; Zanbuka Guraso Elkarteko kidea hainbat urtetan; eta kirolaria.
  12. Ibra Diagaraf Dieng. 53 urte.
    Arrantzalea; eta senegaldar getariartua, herrira etorritako lehenengotarikoa.
  13. Izaskun Agirre Etxaniz. 60 urte.
    Zerrendako beteranoa; San Prudentzio auzokoa; herrian, Elkanoren ama bezala ezaguna; jostuna; eta amona nahiz hiru seme-alaben ama.
  14. Maddalen Iraola Larrañaga. 24 urte.
    Zerrendako gazteena; ikasketaz gizarte hezitzailea eta herrian urteetan zehar Urritza Aisialdi Taldean jarduna; eskubaloi jokalaria; eta legealdi honetan, herri mailan egin den 70 urtetik gorakoen egoeraren ikerketa gauzatu duena.
  15. Jose Mari Zenekorta Elola. 58 urte.
    “Txipristin” bezala ezaguna herrian; arratzale jubilatua; kirolzalea, bai pelotan eta, azken boladan, korrika ere; eta bi seme-alaben aita.

Ekitaldi amaieran, Eneko Mirallesek eta Ainitze Gerekak hartu dute hitza lehenik. Biek eskertu dute “udaletxeko sukalde lanetan aritzeko emandako aukera” eta “gogotsu” nahiz “indartsu” daudela aitortu dute. Era berean, erronka handia izango dela, baina euren onena emango dutela gaineratu dute. Horien atzetik egungo alkateak, Haritz Alberdik, hartu du hitza eta nabarmendu du “oraina eta etokizuna lotzeko gai” den zerrenda osatu dutela: “Askotariko adin, esperientzia eta jatorritako pertsonek osatzen dute zerrenda, EH Bildu eta Getaria den bezala; horren ispilu da zerrenda hau”. Amaitzeko, gobernantza ereduan jarri du azpimarra: “Gurea lidergo partekatua da; denok baina, era berean, inor ez gara ezinbestekoak. Taldea da ezinbestekoa, taldea egitea eta bakoitza bere arduretan jardutea”.