Atzo eguerdian, Bista onan, Urola Kostako EAJ alderdiko bost alkategaiak aurkeztu zituzten: Iosu Mugika Garmendia, Getariako alkategaia; Xabier Txurruka Fernandez, Zarauzko alkatea eta alkategaia; Jon Ander Azpiroz Otegi, Aiako alkategaia; Noemi Ostolaza Arcauz, Orioko alkategaia; eta Josemi Antia Albizu, Zumaiako alkategaia. Eurekin batera, Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, eta Joseba Egibarrek, Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, hartu zuten parte ekitaldian. 

Alkategai bakoitzak bere herrian egin asmo duena azaldu zuen. Mugikak “entzutean” jarri zuen lehenik azpimarra. Hala, bere hitzetan, orain arte, “herriari entzun, elkarte guztiekin bildu eta ahal bezain talde aberasgarriena egitean” jarri dute fokua. Azaldu zuenez, 102 bilera egin dituzte eta bertan jasotakoa martxan jartzea izango da euren aurrera begirako helburua. Talde anitza osatu dutela adierazi zuen Mugikak: “Elkarren artean ez ziren ezagutzen eta nik banaka bakoitzarekin egindako bileretatik sortutako talde bat da”. Aniztasun horri esker, herria ordezkatuta sentituko dela nabarmendu zuen.

Getariako EAJren helburu nagusia “herritarrak herrian bizitzen jarraitzea eta herritarrek herrian lan egitea” dela azaldu zuen, “horretarako, etxe berrien promozio bat aurkeztu dugu”. Era berean, “herrian zaharkituta geratu diren eraikuntza asko eta asko” eraberritzeko prozesua martxan jarriko dutela gaineratu zuen. Azkenik, Getaria herriko elkarteek aberasten dutela esan zuen eta euren asmoa “horiei eskua eman eta ahalik eta proiektu nahiz lan egokienak egitea” dela adierazi zuen, “Getaria on baten alde, ongizatearen alde”.

Etorkizuna jopuntuan

Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaiak, ideia nagusi bat azpimarratu zuen aurkezpen ekitaldian: “Historian zehar, Gipuzkoa aitzindaria izan da zentzu askotan, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Gure lurraldea aitzindaria da babes sozialean, desberdinkeriaren kontrako borrokan, ezagutza aurreratuan, berrikuntzan… Eta, etorkizunera begira, aurrera egiteko, indarrez, jarrera eraikitzailez, anbizioz eta adorez egingo dut lan Gipuzkoa aitzindari izaten jarraitzeko”.

Elkano ere ahoan izan zuen Mendozak eta getariarrak nahiz haren garaikide askok erakutsitako “aurrera egiteko ausardia, adimena eta anbizioa” goraipatu zituen. Turismoaz ere aritu zen EAJko hautagaia. Gogorarazi zuen turismoa gehien erakartzen duen Gipuzkoako eskualdea dela Urola Kosta eta hori “aukera bihurtu” behar dela, “zin diogu mehatxu izaten utzi”. Hala, “turismo eredu orekatu” baten aldeko apustua egin zuen: “Jasangarria, kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzen lagunduko duena eta lurralde osoan hedatua dagoena”.

Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek egin zuen ekitaldiko azken hitzartzea. Bere esanetan, “alderdi guztien ibilbidea aztertuz gero, ikusi eta alderatu ia zein ibili den herri honek markatu duen arrastoan eta zein arrastotik kanpo”. Zentzu horretan, EAJk, “gehiengo politiko eta sozialen eskutik, herribideak diseinatu eta herrieari eman dizkiola” gaineratu zuen. Era berean, hauteskunde kanpainari begira, Gipuzkoa “astindu” beharra dagoela nabarmendu zuen.

EAJ alderdi abertzalea dela aldarrikatu zuen: “Abertzalea izateak esan nahi du aberria zaintzeaz gain, norbanako bakoitzaren eskubideak defenditu behar direla”. Hala, “itxurakeriaren aurrean”, EAJak benekotasuna eskaintzen duela gaineratu zuen.

Lotutako albisteak: