Euskararen kale erabilerak izandako gainbeherarekin kezkatuta, Hazi Euskara Getaria kanpaina garatu du Getariako Udalak azken hilabeteetan. Ostiral honetan, martxoak 24, egingo dute kanpainaren aurkezpen publikoa Berdura plazan. Ekitaldia 18:00etan izango da eta herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu.

2021ean egin zuen UEMAk Hizkuntzen kaleko erabileraren neurketa. Getarian, %68,4ko erabilera neurtu zen baina aurreko neurketarekin alderatuta, umeengan soilik antzeman zen igoera. Helduen artean, gainera, atzerakada handia sumatu zen: heldu-nagusien tartean 20 puntuko beherakada izan zen eta heldu-gazteen artean 14 puntukoa.

Hortaz, aurkeztekotan diren kanpainak, herritar bakoitzaren egoeratik abiatuta, euskararen aldeko hizkuntza hautua indartzea izango du helburu. Hala jasotzen da kanpainan: “Euskararen zabalkunde, garapen eta normalkuntza lanetan ibili direnei esker, getariar gehienak euskaraz hazi gara. Familia, ikasketak, lagunak, aisia, lana… alor guztietan gara eta izan gaitezke euskaldun. Baina euskararen erabilera jaitsi egin da gure kaleetan, eta orain, euskarak gu behar gaitu”.

Euskarriak eta bideoak

Kanpainak bi euskarri ditu: egunotan herriko hainbat lekutan jarri dituzten kartelak eta bi bideo.

Karteletako irudiak moilan, plazan, parkean eta Kale Nagusian ateratakoak dira, adin ezberdinetako herritarrekin. Getariarren egunerokotasuna islatzen dute eta testuinguru bakoitzean erabiltzen den hizkuntzaz pentsaraztea dute xede.

Bideoak, berriz, Iturzaeta Herriko Eskolako 5. eta 6. mailako sei haurrekin eta 25-75 urte arteko hamar getariarrekin grabatu dira. Nor da nor jolasari eta zuzenean egindako hainbat galderari emandako bat-bateko erantzunekin osatu dira.

Guzti hori ikusgai izango da ostiraleko aurkezpen ekitaldian.

 

Lotutako albisteak: