Gaur goizean hasi dira heltzen Getariako kirol portuko eremura bihartik igandera ur motoen Basque Country Cup lasterketaren lehenengo edizioan parte hartuko duten gidariak. Ibilgailuen egoera egiaztatzen zein beharrezko aldaketak egiten aritu dira azken orduetan eta arratsaldean, herriko hainbat eragileren laguntzarekin, aurkezpen ekitaldia egin dute. Aitzol Arakistain antolatzaileak azaldu duenez, “lan asko kosta zaigu hau aurrera ateratzea eta espero dugu hau ahal den ondoen irtetea”.

Gazte Alaiak txistulari taldekoek lagunduta, Gure Txeru dantza taldeko haurrek harrera egin diete txapelketako parte hartzaileei. Orotara, 40 taldek izango dira lehian, ia %90a Frantziatik, Belgikatik, Argentinatik eta Italiatik datoz, nahiz eta badauden Euskal Herriko parte-hartzaileak ere.

Arakistainek hitzetan, pilotuek bihar, 09:00etan, briefinga izango dute. 11:00etarako dute aurreikusita irteera, Malkorbe hondartzatik. “Irteera nahiko ikusgarria izaten da jendearentzat. Motorrak uretan egoten dira, piloto denak hondartzan eta irteera ematen denean, denok korrika irteten gara. Motora igo eta Hondarribiraino joango gara”, zehaztu du. Ordubete inguruan egiten omen dute buelta. Arratsaldean, 15:00etan, beste irteera bat egingo dute. Hala aurreikusi dituzte irteerak asteburu guztirako: 11:00etan goizekoa eta 15:00etan arratsaldekoa.

Bestalde, antolatzaileek aurreratu dute igandeko proba kolokan dagoela, itsaso handia baitago iragarrita: “Sei metroko olatuak, arratsaldean 60 kilometro orduko haizea… Badirudi baldintzak txarrak izango direla eta zalantzan dago igandeko etapa”. Dena den, goizekoa mantendu nahi dutela argitu dute. “Segur aski, goizean egingo da etapa bat hemen, ea eguraldiak lagatzen duen, eta eguerdirako bukaera emango diogu, ziurrenik, txapelketari”, zehaztu du.

Probaren xehetasunen ondoren, Urdax Magunazelaia harri-jasotzaileak erakustaldia egin du 235 kiloko harriarekin. Harridura eragin du bertaratutakoen artean eta bateren bat ausartu da harri borobilarekin saiakera egiten. Ekitaldiaren amaieran, Urdax berak harri borobila eskuetan zuela agurtu ditu ikusleak.

Bertako produktuen dastaketarekin amaitu da Basque Country Cup lasterketaren aurkezpen ekitaldia.

 

Lotutako albisteak: