“Eskualdeko euskal eskola publikoak saretzeko pauso bat gehiago” emateko asmotan, Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian eskola publikoen aldeko mugimendua eratu dute:  Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoaz harro! plataforma. Besteak beste, sare sozialen bitartez ari dira ematen egunotan beraien eta eskaeren berri.

“Kalitatezkoa, denona, denontzako, euskalduna, laikoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua den zerbitzua du Urola Kostaldeko eskualdeak, ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte kohesioa bermatzen dituena”, adierazi du egitasmoak.

Aurrera begira, ordea, kezkatuta daude kideak, batetik Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasa jaisten ari delako eta bestetik, Eusko Legebiltzarrak onartutako EAEko Hezkuntza Akordioaren zirriborroagatik. Diotenez, “zirriborro hau izango da, emendakinak jaso ondoren, Hezkuntza Lege berriaren oinarria”. Lege horrek ordezkatuko du egungo Euskal Eskola Publikoaren Legea eta plataformaren aburuz, “zirriborro horrek egungo gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasun eta beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du”.

Hargatik, honako helburuak betetzeko lan egiteko konpromisoa hartu du Urola Kostaldeko Euskal Eskolaz Harro! mugimenduak:

  1. Administrazio Publikoek Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoa erdigunean jartzeko eta lehenesteko.
  2. Administrazio Publikoei Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoek behar dituzten baliabideak exijitzeko.
  3. Gizarte justuago eta inklusiboago bat lortzeko bidean, ikastetxeen arteko segregazioa eragiten duten erabakiak desagertu daitezen eskatzeko.
  4. Eskualdeko Euskal Eskola Publikoek ikasleen eta familien euskalduntze-prozesuan egiten duten lana balioan jartzeko.
  5. Eskualdeko Haurreskolek 0 eta 2 urte arteko haurren heziketan duten garrantzia azpimarratu, hauen beharrezko baliabideak exijitu eta zerbitzuaren doakotasuna eskatzeko.
  6. Eskualdeko hezkuntza zentroetako jangela zerbitzua ematerako orduan, eskualde mailako kudeaketaz gain, gertuko eta kalitatezko lehengaiekin eginiko otorduak eskaintzearen alde lan egiteko.
  7. EAEko Hezkuntza Akordioaren zirriborroarekiko desadostasuna adierazi eta berau alda dadin eskatzeko.

Sarea irekita dagoela jakinarazi dute eta beraien aldarriekin ados dauden herritarrei manifestuari atxikipena emateko eskatu diete.