Astearen hasieratik eta martxoaren 28ra arte, zabalik egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen dituen udalekuetarako izen-ematea. 7 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzentzen zaie Udalekuak programa eta horri esker, zazpi eguneko egonaldiak egin ditzakete uztailean Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Nafarroako zenbait herritan.

Adinaren arabera banatzen dira parte-hartzaileak eta horren arabera, leku batean edo bestean egin dezakete egonaldia. Hala, 7 eta 8 urteko haurrek Barrian, La Arboledan edo Zarautzen igaro ditzateke udalekuak; 9 eta 11 urte artekoek, Barrian, Espejon, Zuhatzan, Gorlizen, Orion, Ajangizen, Diman, Zarautzen, Hondarribian, Azkoitian edo Bertizen; azkenik, 12 eta 13 urtekoek, Zuhatzan, Morgan, Bertizaranean, Orion, Hondarribian, Zarautzen edo Irrisarrilanden.

Aldundiko ordezkarien esanetan, “udalekuen bitartez, jolaserako, dibertsiorako eta bizikidetzarako leku bat eskaini nahi zaie haurrei, beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko”.

Interesa dutenek Internetez egin dezakete izen-ematea, baita Donostian dagoen Udako Programen Bulegoan eta kanpainan parte hartzen duten herrietako udal-bulegoetan ere –Getarian ezin da egin–.

Gazte Oporraldiak

Adinez nagusiagoak direnek ere badute udaz lagunartean gozatzeko aukera, izan ere, 14 eta 17 urte arteko gaztetxoentzat Gazte Oporraldiak programa du abian Aldundiak. Astebeteko zein 10-12 eguneko egonaldiak egin ditzakete Gipuzkoan, Araban, Nafarroan, Valentzian, Castellón, Murtzian, Madrilen, Caceresen, Huescan, Guadalajaran edo Avilan. Egonaldietako batzuk, gainera, tematikoak dira, kirolari, musikari edo antzerkiari lotuak, esaterako.