“Kontzientziak astintzeko” egin dute gaur arratsaldean Hazi euskara Getarian kanpainaren aurkezpen ekitaldia. Haritz Alberdi alkateak egitasmo honen jatorria argitu du: iaz kaleratutako euskararen kale erabileraren datuek eragindako kezka. Euskararen ezagutza %84,3koa dela baina erabilera %68,4koa dela gogorarazi du, baita azken neurketaren arabera, bi urtean hamar puntu jaitsi dela ere, bereziki helduen tartean.

Alberdik herritarren laguntza eskatu du gaur aurkeztutako kanpaina zabaltzen laguntzeko, “baina, bereziki, garen horren aktibo kontzientziatuak bihurtzeko, ezagutza horretatik erabilpena berreskuratzeko. Euskarak behar gaitu, guk euskara behar dugun bezala”.

Eskutitzaren irakurketa

Gaurko ekitaldirako gonbidapen gisa, eskutitza igorri zuen Getariako Udalak herriko etxe guztietara eta, hain zuzen ere, hori irakurri dute kanpainan parte hartu duten hiru kidek. Getariak, herriak, bertako bizilagunei zuzendutakoa da gutuna eta dio, besteak beste, betidanik izan garela euskaldun, bai jatorriz bai hautuz. “Azken urteetan arnasgune ere bihurtu gara, bizitzeko, geuk bezainbeste behar baitu hizkuntzak arnasa”, gaineratu du.

Beheranzko joeraren aurrean, euskarak herritarrak behar dituela egin du aldarri, “etxean, eskolan, moilan, plazan, Bista Onan, Katrapunan, Artzapen, Gaztetapen, Askizun… Getaria guztian”. Horrekin batera, eskaera zuzena: “Eman diezaiogun euskarari, euskarak eman diguna”.

Kartelak eta bideoak

Kanpainak bi euskarri ditu: batetik, egunotan herriko hainbat lekutan jarri dituzten kartelak, eta bestetik, Cristobal Balenciaga Museoan, Iturzaeta Herri Eskolako zenbait haurrekin zein hainbat getariar heldurekin grabatutako bi bideo.

Kartelek herriko zenbait puntutako irudiak dituzte –plaza, moila, parkea eta lagun artea–. Azaldu dutenez, “egunerokoan bizitzen ditugun lau eszena irudikatzea da horien asmoa eta testuinguru horietan egiten dugun hizkuntza hautuen inguruan hausnartzea”.

Bestalde, bideoetako batean, eskolako sei haurNor da nor? jolasaren bitartez, hainbat hitz asmatzen agertzen dira eta horrek aukera ematen die euskararen inguruan hausnartzeko: zer den euskaldun izatea, nola egin lehen hitza, zer eragiten dien jendea gaztelaniaz entzuteak Getarian, ikus-entzunezkoak zein hizkuntzatan kontsumitzen dituzten… Jolas beraren aitzakian egin dituzte euskararen inguruko hausnarketak hamar helduk bigarren bideoan. Euskaldun sentimendua, zerk egiten gaituen euskaldun, kanpotik etorritakoen integrazioa, umeen eta gazteen erabilera, konplexuak… gai ugari jorratu dituzte.

Ekitaldia amaitu aurretik, Amets Aizpuruak bertsoak abestu ditu eta “diglosi honek ito ez gaitzan/  arnastea da patua/ gure eskutan dago aukera/ gure ahotan hautua” abestu du. Bertaratu direnei euskalduna izatea zer den eta Getariak euskalduna izaten jarrai dezan zer egingo duten galdetu diete. Horrekin batera gonbita: papertxo batean idatzi eta atzean zeuden zuhaixkatan zintzilikatzekoa. Gero, herriko auzo banatan aldatuko dira zuhaixkok, Eitzagan, San Prudentzion, Askizun eta Meagan. Horrez gain, euskara bertaratutako bakoitzarengan hazten jarraitzeko eta “hazkunde horren handitze prozesuaren erakusle modura”, haziak banatu dituzte.

 

Lotutako albisteak: