Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako osatutako lantaldearen babesarekin, EAJ-PNV alderdiaren hautagaiak aurkeztu ditu Iosu Mugika alkategaiak. Besteak beste, zerrendaren gaztetasuna azpimarratu du Berdura plazan egindako aurkezpen ekitaldian, baita, kaleko esanen aurka, haietako hainbatek erakutsitako konpromisoa eta laguntzeko gogoa ere.

Taldeak “Getaria oso bat ikusteko, Getaria hobe bat egiteko” egin duela lan adierazi du Mugikak eta gaineratu helburua dela “maiatzaren 28 gauean egin dugun lana ahal den emaitzarik onenarekin bukatzea”.

Hala, honako 16 getariarrek osatzen dute EAJ-PNVren hautagai zerrenda:

  • Iosu Mugika Garmendia
  • Karmele Martiarena Mugertza
  • Aitor Urresti Martinez
  • Karmele Azkue Iribar
  • Hostaizka Etxeberria Arruabarrena
  • Aitor Jimenez Ezenarro
  • Xabier Etxaniz Arruti (independentea).
  • Itziar Etxarte Otegi
  • Ioritz Ezenarro Beloki
  • Maite Barruetabeña Zenekorta
  • Aritz Iribar Solabarrieta
  • Rosi Antia Albizu
  • Julen Aranguren Sorazu
  • Emeterio Urresti Isasti
  • Elena Urresti Arruti
  • Beñat Olabarri Ezenarro (independentea)

Bertaratutakoak agurtu aurretik, gogoan izan du Mugikak bere osaba Elias Garmendia Aramendi. “Politikoki bidea markatu” diola adierazi du eta berarekin denbora gutxi egoteko aukera izan bazuen ere, hark alderdiagatik egindako lana nabarmendu du.

Aldaketarik ez herrian

Hautagaien zerrenda jakinarazi aurretik azken urteetan Getariako Udalak egindako politikaz aritu da Aitor Urresti. Adierazi du Getarian ez dela ezer aldatu: “Gauzak berdin jarraitzen dute. Getarian momentu honetan gaude inflexio puntu batean, erabaki behar dugu hurrengo hauteskundeetan gora egingo dugun edo behera egingo dugun eta hori herritarren ardura da”. Oposiziotik, EAJ-PNVk ikusten ez den lana egin duela azaldu du, “getariarren interesak bermatu” dituztela ziurtatuz.

Mugikak herritarrekin, elkarte zein eragileekin egindako entzuketa ariketa gogorarazi du. Etorkizunari begira, berriz, bertaratu diren lantaldeko kideei galdetu die herriaren egoeraz, kulturaz, kirolaz, gazteen konpromisoaz, ekintzailetzaz, lehen sektoreaz eta arlo sozialeko erronkez.