40 urteko getariarra. Zinegotzietako batek kargua utzi ondoren, azken hiru urteetan, oposizioko alderdiko kide izan da Mugika. “Eskatzetik egitera” pasatzeko nahiarekin heldu dio alkategaitzari. Bere esanetan, “pertsona sinplea” da, “ez naiz ikasketa politikoduna, baina bai herrigintzan sinesten duena”. Getariar askok, orain arte, kirol munduarekin lotu izan du, Getariako Keta Futbol Taldearen sortzaileetako bat baita; urteak daramatza proiektu horren bueltan lanean.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?
EAJtik eskaera egin zidaten. Ikusten nuen gauza ezberdinak egin zitezkeela eta sinesten ez dudana da, soilik, jardutea; aurrerapausoa eman eta egin egin behar da. Esatea edo eskatzea erraza da, baina egitea zaila da.

Aurreko legegintzaldian udalean zinen, egin zure alderdiaren balorazioa, mesedez.
Aurrenengo urtean, bi taldeen egokitzapenak egin zirenean edo lana nola egingo zuten erabaki zutenean, ni ez nengoen. Bertan hitz egindako gauza askoren berri badaukat baina, neu ez nengoenez, ezingo nuke esan nolakoak izan ziren elkarrizketak.

Nire taldea herriari begira ikusi dut, oposizio eraikitzailea izan da. Ahal izan dugunetan adostasunetara iritsi gara, beste batzuetan ez dugu halakorik lortu. Aurrekontuetan ere gauza asko adostu ditugu.

Botoa eman ziguten herritarren aurrean, guk geneuzkan jarrera edota ideiak defendatu ditugu.

Ondo egindako zein aspektu nabarmenduko zenituzke?
Gainean egon gara eta egindako gauzak landu egin ditugu. Gauza batzuk gerora edo berandu jakiten dira baina, jakin ditugunetan, gure ideiak islatzen, negoziatzen eta adostasunetara iristen saiatu gara.

Eta hobetzekoak?
Ez garela herrira iritsi. Gu hor egon gara lanean, oposizio eraikitzaile bat egiten, baina Udal Gobernua gehiago ikusten da. Gu ere Udal Gobernua gara baina, oposizioan gaudenez, ez da guk egindako lana ikusi. Hori izan da herriari transmititzen jakin izan ez duguna, gu hor gaudela eta lan dezente egin dugula.

Udal hauteskundeetarako zer-nolako hautagaiak bilatu dituzue?
Nik Getariaren zati txiki bat ikusten dut eta ikuspegi hori osatu behar nuen, pertsona ezberdinekin, Getaria oso bat ikustera heltzeko. Hala, erabakiak eta proiektuak Getaria osoari begira hartuko ziratekeen eta ez, bakarrik, nik ikusten nuen Getariari begira.

Nire zerrendan datozen askorekin, %80arekin esango nuke, ez dut inoiz politikaz hitz egin. Batzuk, soilik, “kaixo” eta “agur” eginez agurtzen nituen kalean, baina, banekien pertsona horiek daukaten inguruneagatik, ikuspegiagatik edota egunerokoagatik, nik ikusten ez nuen ikuspegi bat emango zidatela.

Nire ustez, aniztasunean dago aberastasuna. Politikan ez ditugu esperientziadun pertsonak bakarrik behar. Gazte asko daude, adibidez, ideia askorekin eta etorkizunari begira, beste ikuspuntu bat dute; horiek ere egon behar zuten nirekin. Era batera edo bestera, esperientziak eta gaztetasunak bat eginda egon behar zuten eta denetarik dago.

Ez naiz zerrenda bat egiten saiatu, lantalde bat sortzen baizik. Guk lau urterako lantalde bat osatu dugu. Zerrendan pertsona batzuk joango dira baina horrek ez du esan nahi pertsona horiek bakarrik egongo direnik.

Lantaldeko kide askok ez zeukaten elkarren berri, ez zekiten norekin egin beharko zuten lan. Arratsalde batean elkartu eta askok orduan jakin zuten zein ziren gainerako kideak. Zaharrenak 65-66 urte eta gazteenak 21 ditu. 25-26 pertsonako lantalde bat sortzea aberasgarria izan da. Guretzat parekidetasuna garrantzitsua da eta hori errespetatzen saiatu gara.

Herriko elkarte guztiekin elkartu gara, denera 119 bilera egin ditut. Hiru elkarterekin bakarrik falta da hitz egitea eta saiatuko naiz haiekin ere elkartzen. Horiei guztiei daukaten balioa eman behar zaie, aitortu egin behar zaie egiten duten lana. Horregatik egin dira bilera horiek denak, argi neukalako umilak izan behar genuela, entzun eta entzundakoa martxan jarri.

 

EAJren hautagai zerrenda, aurkezpenean.

 

Datozen lau urteei begira zein da zuen helburu nagusia?
Gure programak arlo desberdinetan eragitea du helburu. Arlo horiek dira kirola, azpiegiturak, ongizatea, euskara, parekidetasuna… Arlo bakoitzari dagokionez, lau-sei proiektu garatu ditugu. Landu ditugun proiektu horiek jaso dugun informaziotik etorritakoak izan dira eta uste dut proiektu interesgarri horiekin etxe ezberdinetara iritsiko garela.

Zeintzuk dira herri programako proiektuak? Zerk du lehentasuna?
Ofizialtzen denbora asko behar duten erabakiek edo ekintzek daukate lehentasuna. Adibidez, garrantzi handia dauka azken arau subsidiarioak eguneratzeak. Proiektuei lehentasuna ematerakoan, horietako bakoitza egiteko zenbat denbora behar den ikusi behar da. Urte asko pasa behar badute hori ofizialtzen, jarri ditzagun lehenbailehen martxan.

Nire aurkezpenera eramandako proiektuetako bat moila eraberritzea edo biziberritzea da. Portuko hainbat eraikinen egoerak eta hainbeste urtean geldirik egon direla ikusteak, zer egin daitekeen pentsatzera eraman nau eta alkategai sartzeko arrazoietako bat izan da.

Gauza asko ikusten nituen geldirik Getarian, gure eskumenekoak ez izan arren, martxan jartzea posible liratekeenak. Moilako eraikin horietan proiektu batzuk egin nahi badituzu, joan behar duzu joan behar den tokira, bide berriak ireki eta ezagutzen ez dituzun pertsonekin bildu, bere ikuspuntua entzun eta zurea islatu.

Etxebizitzari dagokionez, helburuetako bat da getariarrak Getarian bizitzea. Horretarako etxebizitzak eraiki eta egokitu egin behar dira. Gero, Meagako bidea dago. Hainbat urtetan gabiltza egingo dutela entzuten eta ez da egiten.

Herriko pertsonekin ez ezik, erakunde ezberdinekin egin ditut bilerak. Ni kiroletik nator eta jakin egin behar nuen zergatik ez diren asmo horiek aurrera eramaten, zein konpromiso edo ideia behar diren. Programan elkarteek, erakundeek eta alderdikideek egindako proposamenetatik eratorritako ideiak daude; programaren %90a taldean osatu da.

Proiektuok udalaren esku daude edo elkarlana bilatu beharko da herritar zein erakundeekin?
Denetarik dago. Moilaren, Katrapunako eraikuntzaren, Kofradia Zaharraren eta ondoko eraikin guztiaren kasuan, adibidez, gure esku ez daudenez, eskumena duten erakunde horietara joan, informatu eta zer egin dezakegun jakin behar dugu. Guk, getariar bezala, erabaki edo aukeratu behar dugu horiekin edo horietan zer nahi dugun egin. Orduan, proiektu horiek landu egin behar dira, irakurri, aurkeztu eta gero, aurrera eraman. Baina herriak horretarako nahia erakutsi behar die erakunde horiei.

Programan ezer sartu aurretik, hitz egin da erakunde horiekin; egin ezin duzun gauza bat ezin duzu jarri.

Ezjakintasuna eragiten duten gai orokorragoek, hala nola, bizi-kostuaren gorakadak, prekarietateak, krisi klimatiko eta energetikoak edo euskararen biziraupenak ba al dute lekurik zuen programan? Nola helduko diezue?
Herritarrekin egindako programa bat denez, dena daukagu kontuan. Gauza bat da zuk proiektu ezberdinak izatea eta bestea zure egunerokoan zer egin dezakezun.

Denok gaude prekarietatearen kontra, baina existitzen da. Guk udal bezala dauzkagun erreminta guztiak martxan jarri eta herritarrak babestu behar ditugu; Erakundeekin aritu, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, esaterako, babes hori ahalik eta handiena izateko.

Agenda 2030ek jasotzen dituen 17 helburuak erreferentziatzat hartu eta ahal diren guztiak aplikatuko ditugu. Dokumentu horrek oso ondo islatzen du guk noraino lagun dezakegun; agian, soilik parte txiki bat egin dezakegu, baina hori egin behar dugu, gero, erakunde handiagoek, gehiago egin dezaketenek, egiten jarraitzeko. Txikiak beti txiki izango gara baina, guk ez badugu egiten, handiak ez dira konturatzen hori dagoenik.

Euskarari dagokionez, arnasgune izan gara. Azterketa batzuk egin dira eta orain, zein arriskutan gauden kontzienteago gara. Ondorioz, nahiko nituzke ekintza ezberdinak egin. Euskara lehentasuna duen proiektuetako bat da eta denona izan beharko luke, bai EH Bildurena bai gurea. Kezka iturri bat dela uste dut; arnasgune izan bagara eta bat-batean hau baldin badaukagu, kontuz!

Immigrazioa ez da gutxituko, beraz, erreminta bat bilatu beharko dugu euskara sustatzeko eta erakargarritasuna sortzeko, euskara denok erabili dezagun.

Alkatetzan nahiz oposizioan, zein izango da zuen politika egiteko modua?
Helburua da orain arte bezala egitea, herritarrak eta herriko elkarteak entzutea eta balioa ematea. Balioa ematen denean, aitortu egiten zaie egiten duten lana eta esfortzua. Denek euren alkate sentitu nazatela nahiko nuke. Nahiz eta beraien botoa beste alderdi bati eman, gustatuko litzaidake horiek ere identifikatuta sentitzea guk egindako lanarekin. Nola? Gertutasuna nahiz sinpletasuna erakutsiz eta pertsona guztiei balioa emanez.

Oposizioan egonez gero, ahal bada, orain arte egin duguna baino haratago joan nahiko nuke, herriaren etorkizuna onena izan dadin ahalik eta gehien kolaboratuz. Oposizio serio eta arduratsua egingo nuke, gobernuan daudenen lana aztertu, hobekuntzak egin edota “ez zait ondo iruditzen” esango nuke. Aurrekontu batzuk daude eta, elkarlanaren bitartez, mahai batean eseri eta negoziatu egin nahiko nituzke. Behintzat saiatu eta ezin badira negoziatu, normaltasunez, egin dezagun denon artean herrigintza.

Zergatik bozkatu EAJ-PNV?
Iruditzen zaidalako aurkeztuko dugun proiektua, herritar asko entzun ondoren egin denez, oso erakargarria izango dela. Ideiak oso argi dauzkagu eta gehien bat, lantalde sendoa eta anitza osatu dugu. Badakigu zer izan nahi dugun, badakigu zein proiektu ditugun eta horiek landuta edo aurrez hitz eginda dauzkagu. •