Legegintzaldi honetako azken batzorde informatiboan, Getariako Udalak irizpena eman dio bazterkeria edota behar larriak dituzten herritarren egoerak hobetzeko dirulaguntzen ordenantza berriari. Datorren astearteko, maiatzaren 23ko, osoko bilkuran onartuko dute ordenantza eta ondoren, ekarpenak egiteko 20 eguneko epea izango da.

2023ko udal aurrekontuetan, egitasmo horretara bideratzeko 10.000 euroko diru poltsa sortu zuen udalak eta azaldu duenez, “azken asteetan Gizarte Zerbitzuetako teknikaria eta zinegotzia oinarri arautzaileak lantzen eta osatzen jardun dira”. Dirulaguntza horien helburua da “bazterketa pertsonala eta soziala arintzea eta baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez duten herritarren gizarteratzea erraztea”. Laguntzon onuradunak Getarian bizi diren pertsonak eta familiak izango dira.

Dirulaguntza horiek “baliabide aringarri” izatea dute xede, “baliabide ekonomikoen urritasunak eragindako egoerak estaltzeko”. Udaletik gaineratu dute dirulaguntza berri hori udalak lehendik hartu izan dituen beste neurri batzuen osagarri dela; “hala nola, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan izandako %400eko igoerarena eta Potzuagako tutoretzapeko etxe berriena”.