Azken urteetan moduan, nahi duenak irrintzia botatzeko mikro irekia izango da Euskal Jaian. Huts-hutsetik aritu beharrean, ordea, entsegurako aukera egongo da, izan ere, ekainaren 1ean, ostegunean, irritziaren transmisioa bermatzeko pare bat ekintza antolatu dituzte.

19:00etan, Erraiak dokumentala emango dute Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. 35 minutu inguruko lana da, “kobazuloetatik datorkigun oihuaz; entzun, sentitu eta kantatzen dugunaz; hitzik gabeko hizkuntzaz” diharduena. Filma amaitzean, solasaldia izango da Ekain Martinez de Lizarduy zuzendariarekin.

Ondoren, irrintzi tailerra egingo dute, eskolan bertan. Amaia Garcia Uriondok bideratuko du ikastaroa eta ordutebe ingurukoa izatea aurreikusten da. Irrintziari buruzko ezagutzan sakontzeaz gain, nork bere soinua hobetzeko eta ondo pasatzeko ariketak egingo dituzte. Tailerra doan izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea udaletxean edo kultura@getaria.eus helbide elektronikoan.

Herri bazkaria

Udalak prestatutako egitarauaz gain, SOS Herritarrakek zenbait ekintza antolatu ditu Euskal Jairako, horien artean, herri bazkaria. 14:30ean izango da Harritarten eta zizka-mizkak, entsalada, oilaskoa patatekin, postrea eta kopa emango dira. Txartelak 15 euroan jarriko dira salgai; maiatzaren 28a baino lehen eskuratu beharko dira.