Egun gutxi igaro dira Orioko hilketa matxista gertatu zenetik eta hura irensteko ia astirik gabe iritsi da bigarren kolpea; hain justu, Gasteizko eraileketa matxistarena. Orain bi aste modura, getariar ugari plazara irten da gertatutakoa gaitzestera eta indarkeria matxistaren amaiera aldarrikatzera.

Mariñak Getaiko Talde Feministak azaldu duenez, “32 urteko gasteiztarra haurdun zegoen bere bikotekide ohiak erail zuenean, logelan hiru urteko haien umea ondoan zuela”. Hala, gogorarazi dute indarkeria matxistak hainbat “dimentsio” dituela, tartean, umeen kontrako biolentzia, eta Gasteizen gertatua indarkeria horren “egoera latzenetariakoa” izan dela.

Era berean, talde feministak kontuak eskatu dizkie epaitegiari eta Ertzaintzari. Izan ere, “duela gutxi arte Valentzian bizi zen eta han muturreko arriskuko biktima gisa katalogatuta zegoen eta hiltzaileak harekiko urruntze-agindua zuen. Hala ere, antza denez, joan den astean Euskal Herrira bueltatu zenean, Ertzaintzak arrisku kategoria oinarrizko kategoriara jaitsi zion”. Gertaeron aurrean, gainera, Segurtasun sailburuak eginiko adierazpenak “auzo-lotsa” ematen dutela salatu dute Mariñakeko kideek eta aldarrikatu dute “ez dugu onartuko biktimizazioa erreproduzitzen duen irakurketa misoginorik, ezta errua gugan jartzen duten esku-garbiketarik ere”.

Herritar orori dei egin diete indarkeria matxista ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiekin amaitzera eta erasotzaileei aurre egitera, “bakoitzak bere esparrutik dagokion ardura hartu behar du”. Gizartea “errotik” aldatuko duena feminismoa izango dela eta “bizitza bizigarrien aldeko” apustua egiten dutela adierazi dute, “indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea”.

Lotutako albisteak: