Gaur, uztailak 15, hasiko da Ados Pilota Klubak antolatutako udako torneoa, III. Plazaz Plaza txapelketa. Aste honetan egin dute haren aurkezpena Leitzako Peru Harrin. Txapelketari berari ere Nafarroan ekingo diote, Iturenen, hain zuzen ere. Etxekolonea-Orbegozo eta Ibarrola-Mendiburu bikoteak ariko dira nor baino nor.
Orotara, 16 pilotarik hartuko dute parte, bi taldetan banatuta. Talde bakoitzean, aurrelari guztiek atzelari denekin jokatuko dute; pilotari bakoitzak ligaxkako lau partida jokatuko ditu. Puntuazioa norberarena izango da eta ligaxkaren amaieran, talde bakoitzean puntu gehien dituzten lehen bi aurrelariek eta atzelariek jokatuko dituzte finalerdiak.
Finalerdietako bat Getarian jokatuko da eta bestea Etxaurin; finala, berriz, Azkoitian. Azken partida horiek irailean jokatuko dituzte.