Duela minutu gutxi egin dute gaur arratsaldeko Kontxako Banderako gizonezkoen estropadako sailkapen probarako irteera ordenaren zozketa. Horren arabera, Getariako Esperantza trainerua izango da erlojupeko proban irteten azkena. Hortaz, amaierara arte itxaron beharko da getariarrek datozen bi igandetarako txartela eskuratzen duten jakiteko.

Esperantza indartsu helduko da Kontxako Banderaren sailkapen probara. Lehiak berak eragiten duen motibazioaz harago, atzo, azken entrenamenduan, herritarren animoak jaso zituzten. Entrenamendu laburra egin zuten arraunlariek eta itsasoratu zirenean, hamarnaka zaletu zituzten zain amabirjinan nahiz moila berrian. Txalo eta abesti artean hartu zituzten arraunlariak eta hauek ere txalo bidez eskertu zieten babesa.