“Kostako autobusa zumaiarrez eta getariarrez beteta etorri da”, aipatu zuen atzo Donostiako kalean zebilen pertsona batek. Kontxako Banderarako sailkapen probako estropada eremuaren parean Esperantza animatzen aritu ziren getariar guztiek garraiobide publikoa erabili bazuten, ez da zalantzarik hala izango zela.

Iaz bezala, getariarrak ondo babestuta heldu ziren Donostiara. Dunbalak eta tronboia lagun, behin eta berriro entzun zen Esperantza oe, Esperantza oe. Getariarrak uretan ziren bitartean, berriz, haien aldeko oihuak nagusitu ziren, are gehiago arraunlariak Aquarium aurretik pasa zirenean.

Zaletuak, aurrez aurre zutena ikusteaz harago, eramangarrien bidez jarraitu zuten estropada. Mugikorra eskuan eta aurikularra eskuan pasa zuen hainbatek arratsaldea; azken unera arte, gainera, Esperantza 24. atera baitzen atzokoan.

Denen erreferentziak eskuetan, Ondarroa eta Cabo sailkatuta, Lekittarraren 20:40,04ko denbora zen getariarrek gainditu beharrekoa. Cabok amaitu bezain pronto zaletu getariarren batek ondoko lagunari “ez, aurten ez” esan bazion ere, bai, aurten ere bai: Getariako Esperantza Kontxako Banderan izango da, 20:35,08ko denborarekin Ondarroaren aurretik sailkatu baitzen. Lekittarra geratu zen, beraz, kanpoan.

Unax Eizagirrek patroiak estropada bukatu berritan EITBri adierazi zionez,”ikaragarria da, Getaria bezalako herri txiki batean, hainbeste harrobikorekin… Urte osoa honen zain egoten gara. Liga ikaragarria egin dugu, ailegatu da hau, ikusi dugu ez zegoela hainbesteko itsasorik baina talde honek dena ateratzen du estropada oro eta gaur ere ikusi da”.

Sailkapena baieztatuta, zaletuen artean, tentsioak emozioz betetako saltoei eta besarkadei egin zien lekua. Pixkanaka, getariarrak Aquarium aurreko arrapalara gerturatu ziren arraunlariei ongietorria egitera. Iaz bezala, ondarrutarrak zein getariarrak elkarren jarraian atera ziren uretatik; ondorioz, kolore marroiz eta gorriz bete zen arrapala. Getariarren trainerua gerturatu ahala, Esperantza oe kantatzen hasi ziren zaletuak eta kirolariei haiengana heltzeko gogoa nabari zitzaien. Atzo trainerutik kanpo geratutako taldekideak agurtu zituzten lehenbizi eta zaletuengana joan ziren gero arraunlariak.

Getariarren jaia ez zen han amaitu, musikarien jarduna aprobetxatuta, moilan Getariako Arraun Elkartearentzat prestatutako eremura joan baitziren kalejiran.

Igandean bigarren txandan

Herritarrak ospakizunetan zebiltzan bitartean, igandeko estropadarako zozketa egin zen. Esperantza bigarren txandan aterako da Urdaibai, Cabo eta Ondarroarekin batera. Lehenengo txandan izango dira, berriz, Donostiarra, Zierbena, Orio eta Hondarribia.

 

Lotutako albisteak: