Joan den ostegunean, sailkatze estropadan egindako lan ederrari esker, atzokoan, Kontxako badian lehiatzeko aukera izan zuten getariarrek. Oraingoan ere, herriko afizioak ez zuen hutsik egin eta herritar ugari bertaratu zen estropada ikustera eta herriko arraunlariak animatzera.
Bigarren txandan irten zen Getaria, Caboko, Urdaibaiko eta Ondarroako traineruekin batera. Herriko ontzia lehenengo kaletik aritu zen arraunean eta bi luzeak egiteko 19:49,12ko denbora behar izan zuen. Hasieratik Urdaibai jarri zen estropadaren buru eta lehenengo ziabogara iristerako, jada, 13 segundoko aldea atera zion Getariari. Hala, estropada bikain bat egin ostean eta aurrenengo txandako guztien denborak gaindituta, Bou Bizkaia izan zen Kontxako Estropadako lehenengo jardunaldiko irabazlea (19:20,92).
Lan-saio osoan zehar, Caboren alboan joan zen Esperantza. Une oro, segundo bateko tartearen bueltan ibili ziren bi ontziak, baina azkenean, galiziarren atzetik, segundo eskasera iritsi ziren helmugara getariarrak. Joaneko luzean, Ondarroa ere alboan izan zuten, baina itzulerakoan atzean utzi eta getariarrek ia 12 segundoko errenta atera zioten.
Sailkapen orokorrari dagokionean, zazpigarren lekua eskuratu zuen etxeko ontziak; beraz, datorren astean ez da ohorezko txandan arituko. Arraun Elkartetik jakinarazi dutenez, “egindako lanarekin oso gustura” etxeratu ziren eta sasoiko estropadarik “osoena” izan zela nabarmendu dute. Azaldu dutenez, denboraldian egindakoaren isla izan zen atzokoa eta “itsasoaren baldintzak Caboren aldekoak izanik, oraindik eta gusturago gaude”. Azken momentuan, galiziarrek tosta bateko aldea atera izanak pena eman die arraunlariei, baina seigarren postuarengatik borrokan aritzea “handia” dela diote.
Emakumezkoetan, Tolosaldea txapeldun
Izaro Lestayo getariarraren gidaritzapean aritutako Tolosaldeako trainerua izan zen atzokoan bizkorrena. Talde gipuzkoarrak ezustekoa eman zuen eta 10:37,64ko denbora eginez, Arraun lagunakengandik hemezortzi ehunenen tartera, lehenengo postua lortu zuten. Hirugarren postua, berriz, Donostiarrarentzat izan zen (10:39,80).
Datorren igandean, irailaren 10ean, 11:00etan hasita, jokatuko dute Kontxako Banderako bigarren jardunaldia. Estropada hori erabakigarria izango da, bertan erabakiko baitira 2023ko Kontxako Banderaren irabazleak.
Argazkia: Irutxuloko Hitza