Tolosaldearen garaipena izan zen joan den igandeko sorpresa handienetariko bat. Inork gutxik espero zuen Kontxako Banderako lehenengo estropada tolosarrek irabaztea; baina aurreikuspen guztiak hautsiz, halaxe egin zuen talde gipuzkoarrak. Euren onena eman eta estropada zirraragarri baten ostean, Donostia Arraun Lagunaki 18 ehunenen errenta aterata, lortu zuten aurrenengo postua.
Aurtengo denboraldian hainbatetan ikusi modura, Izaro Lestayo (1998) getariarrak gidatu zuen ontzia igandean ere. ARTZAPEn berarekin izan gara eta oraindik, “ezin sinetsi” daudela aitortu du. Hala, emozioz betetako igande batek utzitako biharamunarekin solastu da getariar gaztea.
Ederra egin duzue…
Ez genuen espero eta kristorena izan da. Bagenekien arraunkera hartuz gero, borroka horretan egoteko aukera geneukala. Baina, besteak gu baino pixka bat gorago ikusten genituen. Orduan, nahi genuen baina ez genuen sinisten. Egindakoa handia izan da.
Estropadan zehar zein sentsazio izan zenituzten?
Hasieratik esan nien neskei: “Ez gara irabaztera aterako, baizik eta estropada bukatu eta, behintzat, gure arraunkera hartu dugula esatea izango da helburua”. Arraunkera hartu genuen, denean asmatu genuen eta dena ondo atera zen. Ailegatu eta irabazi egin genuela esan zigutenean, ezin genuen sinistu.
Aurreko txandakoen erreferentziak ere bazenituzten. Lagungarri izan al ziren?
Bai, Oriorenak bai. Baina beste estropadetan bezala, gu beti dena ematera joaten gara. Erreferentziak edukita ere indarrik ez badago, ez dago. Herenegun uste dut kontrakoa izan zela, entrenatzaileak esan zigunean Orio ere parean geneukala, segitzeko indar bikoitza eman zigun.
Nolakoa izan zen ondorengo ospakizuna?
Irabazi egin genuela esan zigutenean, aurrena, uretan ospatu genuen. Barrualdera gindoazenean, esan nien: “Neskak, benetan, gaurkoa disfrutatu. Orain dator politena, kanpora atera eta afizio guztia hor ikustean”.
Hasieran haserretu egin ginen, ze ez ziguten arranpalara jaisten utzi. Guri, garabiarekin lehorreratzea tokatzen zitzaigun. Arrapalara joanez gero, 3.000 euroko isuna izango genuela esan ziguten. Gero, ordea, trainerua uretatik ateratzen ez bagenuen, nahi genuena egiteko esan ziguten. Orduan, afizio osoa zain zegoen eta hara joan ginen, dena zor genion. Tolosak herri txiki batek bezala bizitzen du arrauna. Nahiz eta herri handia izan, beti da jende bera eta afizio hori gurekin joan da leku guztietara. Orduan, beraiei ere zor genien garaipena eta halaxe egin genuen.
Zuretzat ez da izan Kontxako estropada batean lortutako lehenengo garaipena, ezta?
Ez, San Juanekin, 2018an, aurrenengo igandean, ere lortu genuen. Baina hauekin [Tolosaldea] bizi izan dudana oso-oso desberdina izan da. San Juanekin ohituta geunden dena irabaztera eta hauekin kontrakoa. Neska hauek, txiki-txikitatik elkarrekin arraun egitetik datoz eta hain goian ikustea, jada, pauso bat izan bazen, herenegun lortu genuena sinestezina izan da. Negarrez hasi zirenean, nik ere ezin nuen gelditu.
Denboraldia laugarren amaitu duzue, nolako balorazioa egiten duzue?
Hasieran, aurreko urtetik hona zortzi baja egon zirela esan zigutenean, pentsatzen genuen pixka bat jaitsi egingo ginela. A Coruñan kristoren hasiera eman genion ligari eta Zierbenan, berriz ere, sustoa eman genuen, ehunenen gutxira geratu baikinen bigarren. Ikusi genuen gure arraunkera hartuz gero, gu ere goian geundela.
Liga laugarren bukatu dugu eta oso gustura gaude egindako estropadekin, baina banderarik lortu ez izanaren pena hor geneukan. Igandekoak banderarik ez dauka baina garaipen bat da eta garaipen hori guretzat garrantzitsua izango da.
Azkenean, Kontxa Kontxa da.
Bai, Kontxa emozio asko da. Behineko jende gehiena joaten da ikustera eta arrapalan egiten dizuten harrera berezia da. Bigarren igandean ez badugu irabazten, ez dugu banderarik eramango etxera, baina guk, jada, esan dezakegu lehenengo igandean irabazi dugula.
Datorren iganderako zein aurreikuspen edo helburu dituzue?
Helburua berdina izango da: arraunkera hartzea eta disfrutatzea. Aurrenengo igandean lortu dugu garaipena eta zergatik ez bigarrengoan? Orain, jada, sinisten dugu posible dela eta nik uste horrela aterako garela, sinetsita. Neskak kristoren gogoarekin daude. Azkenean, horrelako talde bati kristoren bultzada ematen dio. Banderaren bila aterako gara, dudarik gabe, baina nik uste, lau handi izanik, laugarren postua lortuta ere pozik egon beharko ginatekeela. Ze guk, jada, irabazi dugu.
Igande honetan irabazi izanak presio gehiago eragingo al dizue?
Igande honetan presiorik gabe joan gara ze, esaten genuen: “Guk ez daukagu ezer galtzeko, daukagun dena irabazteko da”. Orain ez dakit horrela aterako garen. Egia da galtzeko ezer ez daukagula, egingo dugun dena irabazteko dela baina, orain, jada, bandera irabazteko gogoa izango dugu.
Ospakizun berezirik egin al duzue igandekoa eta gero?
Estropada arrunt bat izango balitz bezala hartu dugu; alegia, gero ez genuen ezer ospatu. Ze hurrengo astean bukatuko dugu. Hurrengo igandean, bukatzen dugun bezala bukatuta ere, aste honetakoa eta denboraldi osokoa ospatuko dugu.
Igandekoa, beraz, pixka bat egun normala izan zen. Etxera ailegatu eta estropada ikusteko gogoa geneukan, ze denek esan ziguten oso emozionantea izan zela. Orduan, etxera ailegatu, estropada lasai ikusi eta horrelaxe, ez genuen ezer berezirik egin.
Aste honetan, entrenamenduekin normal jarraituko duzue, ezta?
Normalak izatea nahi dugu, baina nik uste berezia izango dela; telebista, irrati, egunkariak, aldizkariak… ohituta ez gauden saltsa horretan egongo gara eta ea ez garen gehiegi despistatzen. Saiatuko gara orain arteko prestakuntza berdinarekin jarraitzen igandera arte. Berezia izango da, baina nik uste entrenatzeko kristoren gogoarekin daudela neskak.
Apurka apurka, emakumeok ere ari zarete zuen lekua egiten arraunean, ezta?
Egia da inork ez zuela espero edo, behintzat, oso apustu gutxitan geundela hor aurrean eta sorpresa eman dugu. Hori gutxi ez eta, lau traineru lau segundotan gaude eta horrek ere, ikusleari, estropada segitzeko kristoren gogoa ematen dio. Nik uste aurtengo Kontxa berezia izango dela eta jende asko lotu dugula emakumeen arrauna ere ikustera.
Neurri batean, erreferente bihurtu zarete.
Getarian pasatako berdina gertatu da. Herriko jendearekin sortu den talde bat da, aspalditik dabiltza arraunean batera eta erakutsi dute, etxeko jendearekin hor aurrean egotea ere posible dela. Igandean ikusi nituen Tolosan arraunean dabiltzan ume horiek, oraintxe hasi direnak. Gu beraientzat erreferente gara edo, behintzat, gu bezalakoak izatera iristea dute helburu. Hori kristoren pozgarria da.
Argazkia: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza