Esperantzaren garai loriatsua da, getariarrek emozioz bizi baitute arraun taldeak egindako denboraldia zein Kontxako Banderako lana. Horrek guztiak, ordea, eguneroko eta urte luzeetako etxeko lana dauka itzalpean, harrobiarekin egindakoa, hain zuzen ere.
Horregatik, nagusien denboraldia bukatzear den honetan, Getariako Arraun Elkarteak etorkizuneko arraunlariak prestatzen jarraitzeko, 2006 eta 2011 urteen artean jaiotako gaztetxoei dei egin die. Hala, denboraldi berrian arraunean aritu nahi dutenekin bilera egingo dute irailaren 11n, astelehena, 18.00etan, elkartean.
Egun horretan bertaratu ezin dutenak, telefonoz (943 140 027), posta elektronikoz edo Facebookez jar daitezke harremanetan klubeko ordezkariekin.
Gainera, elkarteari laguntzeko prest dagoen edonorentzat ateak zabalik dituztela gogorarazi dute.
Ama-alabak elkarrekin arraunean
Getarian arraunarekiko lehen eta egun dagoen zaletasunaren erakusle da Miren Garrastazu eta Argia Ibarren kasua. Ama-alabak dira, biak Getarian hasi eta Zumaian dabiltza gaur egun, elkarrekin, tosta berean. Azken egunotan hainbat hedabidek jaso dute beraien bizipenen berri, gaurkoan Berria egunkariak.