Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinak murriztea eta horiek berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko, egitasmo bat jarri du abian. Funtsean, helburu du “herritarrak, ekoizle handiak, ikastetxeak eta administrazio publikoa ekonomia zirkularraren eta kontsumo arduratsuaren onuren inguruan sentsibilizatzea”. Ekimena orain hasi eta 2024ko ekaina bukaera bitartean gauzatuko da.

Eskualdeko udalerrietan zehar, zehazki, zazpi kanpaina egingo dituzte. Lehenengoa hilabete honetan hasiko da eta elikagaien xahuketa izango du ardatz. Hala, STOP xahuketa lelopean, ikastetxeei eta herritarrei zuzenduta, hainbat sentsibilizazio jarduera egingo dituzte. Datorren urtarrilean eta otsailean zehar, bi kanpaina gauzatuko dituzte: batean, administrazioan paperaren erabilera murrizteak duen garrantzia landuko dute eta bestean, erabilera bakarreko ontziak murrizteko ekimenak egingo dituzte. 

Aisialdi eremuetara iristeko xedearekin, berriz, hainbat euskarri sortuko dituzte eskualdean egiten diren ekitaldi garrantzitsuenetan jartzeko. Horien bidez, ingurumen irizpideak barneratu eta jardunbide egokiak sustatu nahi dituzte, bai hondakinen arloan, bai baliabide materialen eta energetikoen optimizazioan ere. Aipatutako lau kanpaina horiez gain, Urola Kostako ikastetxeei zuzenduta, ikasturte osoko bi kanpaina ere egingo dituzte: Eskola Agenda 2030 bata eta konpostaje nahiz ekonomia zirkularrari buruzkoa bestea.

Azkenik, irailetik ekainera martxan egongo da kanpaina orokor bat, hondakinak bereizteari buruz sentsibilizatzea eta informatzea helburu duena. Ekintzen artean, bestek beste, Udal elkarteak galdetegi bat pasako du parte-hartzeileen artean, egitasmoaren hasieran eta bukaeran, ekimenaren ebaluazioa egiteko eta hark herritarrengan izandako eragina aztertzeko.

Argazkia: UKUE