Jordi Savall artistak, hark sortutako Le Concert des Nations orkestarekin batera, abiatutako proiektu berria da Los elementos y las furias. Gluck, Haendel eta Rameau konpositoreek XVIII. mendean sortutako hainbat obra interpretatuko dituzte. Emanaldia azaroaren 14an, asteartearekin, izango da. 19:30ean hasita, Donostiako Kursaal auditorioan.

Bertaratzeko interesa duenak ezer baino lehen, emanaldirako sarrera erosi beharko du www.kursaal.eus webgunean. Ondoren, doako autobus zerbitzuan lekua erreserbatu ahal izango du; horretarako, info@getariaturismo.eus posta elektronikora idatzi edota 943 140 957 telefono zenbakira deitu beharko du. Autobusean izena emateko azken eguna asteazkena, azaroaren 8a, izango da.

Autobusa Zumaiatik irtengo da eta Getarian, 18:20an egingo du geldialdia. Autobus zerbitzua antolatu ahal izateko, gutxienez 15 lagunek eman beharko dute izena. Gutxieneko kopurura iritsi ezean, ez da autobusik egongo eta erositako sarreren dirua bueltatuko zaie interesatuei.

Eskaintza berezia

Langabetuek eta 30 urtetik beherako gazteek hiru euroren truke erosi ahal izango dute sarrera. Eskaintza berezi horren onuradun izateko, ordea, aurrez egin behar da erreserba. Hori ere 943 140 957 telefono zenbakira deituta eta asteazkena, azaroaren 8a, bitartean.

Emanaldiaren egunean, interesduna Kursaaleko leihatilara gerturatu beharko da eta bere adina edo lan egoera egiaztatu ondoren, sarrera ordaindu beharko du –eserleku horien kokapena egun horretan leihatilan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da–.