Errigoraren Euskarari Puzka kanpainako saskiak iristear dira; ostegunean, azaroaren 23an, banatuko dira getariarren artean. Artzape Euskara Elkarteko kideak 16:00etatik 20:00etara egongo dira Eskualtxeta eraikinean. Ordainketa egiteko dutenei diru kopuru zehatza, saskiko 50 euro, ekartzeko eskatu dute elkarteko kideek.
Aurten, Errigorak hamar urte bete dituenean, 35 saski eskatu dituzte Getarian, iaz baino 13 gehiago. Gorakada ez da herrian soilik izan, Euskal Herrian ere 1.000 saski gehiago eskatu baitira. Orotara, 14.000 kutxa baino gehiago banatuko dira datozen egunetan. Horri esker, 185.000 euroko ekarpena egingo zaio aurten Nafarroa hegoaldeko nahiz erdialdeko euskalgintzari.