Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin, ziklomotorreko eta autoko gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala argitaratu du. Gainera, iragarri du autobusen eta kamioien baimenentzakoa ere laster egongo dela prest.

Lau helbururekin landu dute materiala: gidabaimenak euskaraz ateratzeko eta bide hezkuntzako formazioa euskaraz jasotzeko aukera bermatzea, euskarazko material espezializatua profesionalen –autoeskola, irakasle, eskola…– esku jartzea, eta gidabaimenak euskaraz ateratzeko proiektua bizirik mantentzea, horretarako eguneraketak txertatuz.

Hain zuzen ere, gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortu nahi dela jakinarazi dute, batik bat gazteen artean. “Horretarako prozesu entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea diseinatu da. Guztira lau eskuliburu prestatu dira, paperean zein online formatuan. B baimenaren kasuan bi eskuliburu egin dira, bat laburtua, paperean inprimatuko dena, eta bestea, osoa, informazio osatuagoa jasotzen duena online formatuan. Besteak paperean eta online egongo dira”, azaldu dute. Eskuliburuak zein testak, ordenagailuan, tabletean eta mugikorrean erabili ahal izateko moduan egokitu dituzte. Gainera, eskuliburuetan, gai bakoitzaren hasieran, ikasleak gai horretan ikasiko duenaren inguruko bideoa txertatu dute baita azalpen berezia behar duten kontuei buruzkoa ere. Azkenik, web orrialde bat eta aplikazio bat prestatu dituzte.

Materiala sortzeko, Euskal Herriko irudi, argazki, seinale eta abarrak erabili dituzte. Guztia online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du baimenak euskaraz ateratzeko aukera, eta prestaketa praktikoari begira, euskarazko terminologia lantzeko irakasleentzako tresnak eskainiko dira.

Berrikuntza hau ez dator ezerezetik, udalerri askotan urte luzez aritu baitira kanpainak sustatzen zein materialak egokitzen gidabaimenak euskaraz atera ahal izateko. Orain, bide koordinatuari heldu diote, “egitasmoa askoz eraginkorrago eta sendoago” hedatzeko. Horren erakusgarri, Durangoko Azokan Gidabaimenak euskaraz izeneko standa jarriko du Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak.

 

Argazkia: Irekia.