Haurren eta pantailen arteko harremanak guraso ugari dauzka kezkatuta. Horren adierazle, atzoko hitzaldian Ulpiano aretoa gurasoz bete izana. Bidelagun eragileko Miren Rosek gidatu zuen saioa. Ros Zarautzen bizi den eibartarra da eta 2019an, Salbatore Mitxelena Ikastolako beste lau gurasorekin batera, Gure aukera, guk 16 ekimena jarri zuen abian.

Egitasmo horren bitartez, euren helburu nagusia da gazteek beren lehen mugikorra edukitzeko adina, gutxienez, 16 urtera atzeratzea. Izan ere, Rosek azpimarratu zuenez, “erabileraren arabera dira pantailak onak edo txarrak”. Erabilera ona erabilera kontzientea dela argitu zuen eibartarrak eta gaineratu, modu kontzientean erabiltzeko baldintzak hiru direla: “Heldutasuna, formakuntza eta kontzientziazioa”.

Heldutasunaren inguruan, datu adierazgarri bat bota zuen: “Neurologoen arabera, gure garuna 25-30 urterekin iristen da heldutasunera”. Hain justu, hori da Rosek mugikorren erabilera ahalik eta gehien atzeratzea argudiatzeko erabilitako arrazoi ugarietako bat. Gaineratu zuenez, mugikorrek errealitatetik eta momentutik urruntzen gaituzte. Era berean, sare sozialen eta bideojokoen inguruan ere, adi ibiltzeko deia egin zien gurasoei.

Mugikorraren beharraz ere aritu zen eta bere hitzetan, “haurrek ez dute mugikorrik behar”. Askotan, mugikorra erostearen arrazoiak sozialak izan ohi direla aipatu zuen eta erostearen edo ez erostearen erabakia gurasoena dela gaineratu.

Gurasoak eredu

Hitzaldian zehar, galdera ugari bota zizkien Rosek bertaratuei; adibidez, “egun osoa kanpoan egon ondoren, zenbatetan sartu izan zara etxera mugikorrari begira, haurrak zuregana etorri eta esaten ari zenari jaramonik egin gabe?”. Rosek argi du honetan guztian gurasoak erreferente izatea ezinbestekoa dela: “Haurrei erakutsi behar diegu mugikorrak nola erabili eta horretan, gurasook eredu izan behar dugu”. Gurasoek euren ohiturei so egitea eta horiek ahalik eta osasuntsuen bihurtzea giltzarria dela uste du Rosek.

Haurrei mugikorra eman aurretik eta ondoren, “pedagogia” egitearen garrantzia azpimarratu zuen, baita “arauak, mugak eta kontrola” jartzearena ere. Seme-alaben identitate digitala zaintzean eta babestean ere jarri zuen fokua, baita pantailik gabeko jarduerak sustatzean ere. Era berean, gurasoei hainbat gomendio egin zizkien, besteak beste, “oheratu aurreko bi orduetan pantailarik ez erabiltzea; sare sozialak, aplikazioak… ezagutzea; edota komunikatzea, haurrekin interneti buruz hitz egitea”.

Getarian zer?

Hasieratik argi adierazi zituen Rosek atzoko saioaren bi xedeak: “Batetik, gaurko hitzalditik erabaki txiki batekin ateratzea eta bestetik, Getarian, guraso talde bat edo zerbait abian jartzea”. Hala, gerturatutako gurasoei talde eragile bat sortu eta helburuak finkatzeko proposamena egin zien. Hitzaldia amaituta, zenbaitek bere datuak eman zizkien; orain, ikusi egin behar ea kontuak jarraipenik baduen.

Zarauzko Gure aukera, guk 16 moduko guraso taldeak, gaur-gaurkoz, 50 ikastetxe baino gehiagotan daude. Rosek aurreratu zuenez, datorren urtean, talde horiek guztiak batzeko helburuarekin, Zarautzen, topaketa bat egiteko asmoa dute. Komunitatearen babesaren garrantzia aipatu zuen: “Seme-alabei mugikorra erosi nahi ez diozuenak taldean indartzea eta elkartzea garrantzitsua da”.