Urteko batzarra Getariako Udal Liburutegian egin ondoren, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta, udaletxe aurrera gerturatu dira euskaltzainak eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Getariako Udaleko ordezkariak. Euren tartean zen, gaur euskaltzain oso gisa zin egin duen Andres Alberdi getariarra.

Euskaltzainak eta agintariak udal batzar aretora igo dira eta Salbatore Abesbatzak egin die harrera Euskal Herriko semeak gara eta Getariako ereserkia abestuz. Ondoren, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak ongietorria egin die bertaratu direnei. Euskaltzainez gain, bertan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako burua, Bingen Zupiria Kultura eta Hezkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasun zuzendaria, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramalea eta herriko zinegotziak. Andres Alberdiren senideak eta hainbat getariar ere gerturatu dira honen sarrera-hitzaldia entzutera. Udaletxera sartu ezinik geratu direnek, berriz, Berdura plazan jarritako pantaila handian ikusi dute ekitaldia.

Getariako alkateak azken asteotan euskararen aurka kaleratu diren erabaki judizialak izan ditu hizpide. “Ongi etorri pertsonon hizkuntza eskubide guztiak errespetatzen dituzten instituzio hauetara. Gure instituzioak, Getariakoa bezalako udalak, mikroklima batzuk dira pertsonen eskubideen defentsan”, adierazi du. Gaineratu du “ohorea eta plazera” dela, Getariarentzat eta udalarentzat, Euskaltzaindia herrian izatea. Era berean, zorionak eta eskerrak eman dizkio Andres Alberdiri.

Andoni Sagarnaren lekua hartuko du Alberdik Euskaltzaindian eta azken hori zein euskaltzain oso izendatu berri duten Itxaro Borda joan dira Alberdiren bila. Txalo zaparrada eskaini diote sarreran eta Eñaut Elorrietak Itzaltzuko bardoa abestu du.

“Ametsik ederrenean ere inoiz ez zitzaidan agertu gaur eguerdiko imajina hau”, azaldu du. Izendapena berarentzat ez ezik, eskoletako “maisu-andereñoen eguneroko afana eta ekina” saritzeko modu gisa ulertzen duela argitu du. Sagarnaren ibilbidea azpimarratu du eta gogoan izan ditu eskualdean jaiotako euskaltzainak, tartean Mikel Lasa eta Kaxildo Alkorta zena getariarrak.

Sarrera-hitzaldia, arauez

Euskararekin izandako harreman pertsonalaz mintzatu da Alberdi sarrera-hitzaldiaren lehen partean. Haurtzaroa gogoan, euskara “modu naturalean” bizi zutela zehaztu du: “Euskara bizi-bizia, espontaneoa, trabarik gabea genuen ezpainetan”. Zortzi urterekin konturatu omen zen euskarak ere bazuela gramatika bat, arau batzuk. Saturrarango seminarioan egindako 11 urteetan alfabetatzeko aukera izan zuen: “Zorte hitza da erabili beharko nukeena, zeren frankismoaren gordinean bizi izan arren, euskal komunitate bateko partaide sentiarazi baikintuzten han”.

Handik irtenda, Elgoibarrera joan eta irakaskuntzan hasi zen, Euskara eta Gizartea irakasten.  Ikasmateriala lortzeko egindako ahaleginak eta lehen liburuak oroitu ditu. Beharrak eraman zuen, hain zuzen, testugintzara eta “talde-lanaren balioa” ikasi zuen orduan, Angel Ugarteburu, Iñaxio Garmendia, Myriam Villasante eta Markos Balentziagarekin aritu baitzen. Hogei urteren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak martxan jarritako EIMA lan-programara pasa zen. Argitu du Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) egiterako euskara “helduaroan sartuta” zegoela eta EBEk adierazi ziela araugintzaren egoera zein zen eta zer falta zen oraindik arautzeko.

Egindako ibilbidea azpimarratzeaz gain, hainbat gai arautzeko eskatu du baina baita euskararen prozesuaren bi bideei begiratzeko ere: “Alde batetik, normatibizazioa daukagu: hizkuntza arautzea, malgutzea, aberastea. Horixe da euskaltzainon, idazleen, itzultzaileen, irakasleen egiteko behinena (…). Baina denok dakigu erronka hortik kanpokoa dela: benetako zailtasunak, gaur-gaurkoz, ez direla corpusarenak (hau da, arazoa ez dela arauarena), estatusarenak baizik (hau da, euskararen normalizazioarena); alegia, hizkuntza erabiltzeko eremuak irabazteko desafioan dagoela lana”.

Euskarak oraindik erronka dituen auzietako bost aipatu ditu (jatorrian 11 identifikatu ditu): onartzea euskara batua ez dela monolitikoa, uniformea; ulertzea euskara batua eta euskalkiak osagarriak direla; jabetzea hizkuntza-erregistroen mundua gehiago jorratu behar da; sentitzea hizkuntzak ez dira komunikazio tresna huts, hizkuntzek herria egiten dutela; aldarrikatzea eskolaren eta hedabideen erantzukizuna ezinbestekoa dela.

Mikel Zalbidek eman dio erantzuna Alberdiri. Berataz adierazi du “arraunlari trebe izateaz gainera, lemazain maisu” dela “hizkuntza-eredu jasoa gizarteratzeko saioen esparruan”. Hizkuntza “era bizi eta naturalean eskuratzeak duen garrantzia” azpimarratu du eta hizkuntza-eredu bateratu eta garatua luze-zabal hedatzeko ahaleginean jarraitu behar dela.

Zin egitea

Zalbideren erantzunaren ondotik, euskaltzain oso kargua zin egin du Alberdik: “Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure hitza ematen dut”. Andres Urrutia euskaltzain buruaren eskutik jaso ditu euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra. Euskaltzain guztiek, banan-banan zoriondu dute.

Gertukoenen aitortza heldu da azkenik, izan ere, oinordetzan jasotako “letrazaletasuna”ren jatorri azaldu du Uxue Alberdi alabak. Aita protagonista duen ipuina eskaini dio. Getariako zein Elgoibarko udalek eta bilobek opari bana eman diote eta amaieran, Uxue Alberdik  eta Eñaut Elorrietak Itsasoan urak handi dire abestu dute. Hunkitu egin da orduan euskaltzain oso getariarra.