Mariñak Getaiko talde feministak deituta, elkarretaratzea egin dute 19:00etan, plazan, indarkeria matxista salatzeko. Emakumeon kontrako indarkeriarik ez! zioen pankartaren inguruan, harmanaka herritar bildu dira.

Taldeko kideek aldarrikapena irakurri dute elkarretaratzearen amaieran. Biolentzia bikarioan jarri dute fokua: “Indarkeria bikarioak esan nahi du seme-alabak hiltzen dituztela emakumeak zigortzeko, gure arteko azken hilketa bezala. […] Nazkatuta eta haserre gaude; amorru horrek bidegabekeriaren kontra borrokatzeko gure indarra pizten du”.

2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistagatik 121 emakume hil dituztela azaldu dute, baita 12 haur ere. “Aurten, lau emakume eta haur bat. Azken hori aitaren besoek eraila”, salatu dute.

Arazoa gizarte osora zabaldu beharraz ohartarazi dute: “Indarkeria eta berdintasunaren afera, ez dira emakumeon kontua. Gure bizitzak eta giza eskubide nahiz justizia soziala dira jokoan daudenak eta denon erantzukizuna da”. Era berean, instituzioez gain, gizonak interpelatu dituzte gaurkoan. “Patriarkatuaren aterkipean, gizonkerian heziak izan zarete. Zuek ere generoa duzue eta gizon izaten ikasi egin duzue”, argitu dute.

Grebarako deia

Gaurko elkarretaratzea aprobetxatu dute azaroaren 30eko greba orokor feministarako deia egiteko. “Egun zaintza krisi larria” dagoela eta horri aurre egiteko “zaintza sistema publiko komunitario feminista berria” behar dugula aldarrikatu dute.