Alamedatik Habanerara Bertso Eskolak antolatuta, larunbatean, otsailaren 3an, santa eskean ibiliko dira. Santa Ageda bezpera igandea izan arren, urtero modura, aurreko larunbatarekin irtengo dira getariarrak eskean. Trikitilarien laguntzarekin, baserriz baserri, kopla zaharrak abestuz eta makilekin lurra esnatuz arituko dira.

09:00etan plazan elkartu eta goizean zehar, Akerregitik eta San Prudentziotik barrena, Askizura arteko bidea egingo dute. Bertan, San Martin Elkartean bazkaldu ondoren, kotxez, Meagako eta Eitzagako baserrietara joango dira.

Bertso eskolako kideek azaldu dutenez, herritar oro dago bertan parte hartzera gonbidatuta eta ibilbide guztia egitea ez da nahitaezkoa: “Edonor edonoiz etorri edo joan daiteke. Zati txiki bat egitera etorri nahi duena ere parte hartzera gonbidatuta dago”. Antolakuntzatik, ondoko bideoa prestatu dute deialdia zabaltzeko.