Udalak iragarri berri ditu nortzuk izan diren inauteritako kartel lehiaketako lan garaileak. Hauexek dira, epaimahaiaren aburuz, aurkeztutako lanik onenak: Haur Hezkuntzako bigarren eta laugarren maila arteko haurren artean, Eva Antomas Bazaesena; Lehen Hezkuntzako aurrenengo eta hirugarren maila bitartean, June Urresti Txuekarena; Lehen Hezkuntzako laugarren eta seigarren maila artean, Maren Balenziaga Alkortarena; eta 16 urtetik gorakoetan, Eneritz Manterola Alkortarena. 12 eta 15 urte arteko gaztetxoen kategorian ez da irabazlerik egon, inork ez baitu lanik aurkeztu.

Joan den ostiral goizean elkartu zen epaimahia lehiaketara aurkeztutako lanak baloratzeko eta irabazleak hautatzeko. Epaimahaikideak Joana Mata Iturzaeta Herri Eskolako ordezkaria, Idoia Neves margolaria eta Manuel Fernandes margolaria nahiz eskultorea izan ziren. Orotara, 64 lan aurkeztu dituzte lehiaketara eta horiek guztiak, atzotik, udaletxeko atarian daude ikusgai.

Larunbatean, otsailaren 10ean, inauterietako egitarauaren baitan egingo dute sari banaketa; zehazki, 19:00etan hasita, plazan. Lehenengo hiru kategorietako irabazleen sariak opariak izango dira eta azken kategoriako garaileak 150 euro jasoko ditu.

Lotutako albisteak: