Getariako Iturzaeta Herri Eskolako bi ordezkari Zuberoako Larraine herriko eskolan izan ziren bisitan, pasa den astean. Larraineko udaletxean hitzordua eginda, bertan ezagutu zituzten eskolako zuzendari eta irakasle Philippine, Xuban alkateordea eta Mixel Etxekopar musikaria.

Philippine da Larraineko eskolako irakasle bakarra. Guztira, 17 ikasle ditu, 3 eta 11 urte artekoak: Haur Hezkuntzako zortzi eta Lehen Hezkuntzako bederatzi. Getariako ordezkarien esanetan, “eskolako egunerokoaz, lan egiteko moduaz eta inguruneaz hitz egin dugu. Euskararen herrian, hurbil egonagatik ere bizi ditugun errealitate hain ezberdinak kontatu dizkiogu elkarri. Eta batzen gaituena, euskara, kultura, herria, hezkuntza, banatzen gaituena baino askoz handiagoa dela ikusi dugu”.

 

Hala, elkarlanean aritzea adostu zuten eta Larraineko haurrekin bideoak eta podcastak elkar trukatuko dituzte Iturzaetako LH3ko 22 ikasleek. Ikasturte honetan, ekainera arte egingo dute truke hori eta “datorren urtean jarraipena emateko gogoa dugu bi eskolek”. Gaineratu dutenez,  “bidean elkar ezagutzeko modua ere egiteko ilusioz itzuli gara”.